Ekainaren 1ean berrabiatuko dute Barakaldoko Haur Eskolek matrikulazio epea

0

Barakaldoko Udal Haur Eskolek berriro ekingo diote alarma-egoerak bertan behera utzitako matrikulazio prozesuari. 2020-2021 ikasturterako matrikulak aurkezteko hiru egun besterik falta ez zirenean, koronabirusaren pandemia sartu baitzen. Deseskalada normaltasunez aurrera doan neurrian, Udalak matrikulen prozesua berriro hastea erabaki du, familiei tramitea egiteko beste aste bat eskainiz.

Prozesua ekainaren 1ean hasiko da berriro, eta 8ra arte luzatuko da.  Eskabideak dagokion haur-eskolan aurkeztu beharko dira, interesa duten familiak bizi diren posta-kodearen arabera. Dokumentazioa astelehen, asteazken eta ostiraletan (10:00etatik 13:00etara) eta astearte eta ostegunetan (15:00etatik 17:00etara) entregatu behar da.

Eskaerak jasotzeko prozesuan beharrezkoak diren segurtasun- eta babes-neurriei eusteko, hainbat telefono-zenbaki jarri dira, haur-eskola bakoitzeko bat, matrikulazio-prozesuari buruzko edozein zalantza argitzeko. Horrela, familien eta haur-eskoletako langileen arteko harreman zuzena saihestu egingo da. Zalantza horiei erantzuteko ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da. Zalantzak posta elektronikoz ere argitu ahal izango dira.