Hiru pertsona atxilotu dituzte Abadiñon hainbat trastelekutan lapurreta egin nahian ari zirela

0

Ertzainek 35, 29 eta 23 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte goizaldean Abadiñon, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Agenteek etxebizitza-bloke bateko trastelekuetan lapurretan ari zirela arrastatu dituzte.

Ertzaintzak abisu bat jaso du gaur, astelehena, ordu bata laurden gutxiak aldera, Abadiñoko Iturritxo kaleko eraikin batean kolpeak entzuten zirela esanez.

Adierazitako lekura hurbildu diren Durangoko Ertzain-etxeko agenteek ihes egin nahian ari ziren hiru pertsona aurkitu dituzte. Hiru gizonezkoak identifikatu ondoren, ertzainek garajeak eta trastelekuak dauden beheko solairua miatu dute, eta egiaztatu dute sei trastelekutako ateek behartu izanaren zantzuak zituztela eta ustezko lapurrek lau bizikleta eta mendiko kirol-materiala zutela aterata. Bestalde, garajean zegoen auto baten leihoa behartuta eta barruan dena hankaz gora zegoen.

Hiru identifikatuei egindako prebentziozko miaketan, agenteek mailu bat, mazo bat, bi labana eta Stillson giltza bat kendu dizkiete, eta, dirudienez, trastelekuetako ateak behartzeko erabili dituzten erremintak dira.

Egitateak egiaztatu ondoren, agenteek hirurak atxilotu dituzte, eta hirurek dituzte aurrekariak jabetzaren aurkako delituengatik. Polizia-eginbideak amaitzen dituztenean, Durangoko Guardiako Epaitegiaren esku jarriko dituzte atxilotuak.