Josu Erkoreka eta Carolina Darias bideokonferentziaz bildu dira

0

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak bilera egin dute, gaur, bideokonferentziaz, bi gobernuen arteko gai sektorial komunen agendari berriz ekiteko. Osasun-larrialdiko egoera eta alarma-egoera deklaratu zirenetik egin den lehen lan-bilera izan da; izan ere, kudeaketa partekatutako gaien inguruko negoziazioen agendak atzeratu behar izan zituzten biek.

Gaurko bileran, batez ere, Funtzio Publikoaren kudeaketarekin lotutako gaiak jorratu dira, gai horri buruzko hurrengo Konferentzia Sektoriala egiteko. Bertan, autonomia-erkidego guztiek parte hartuko dute.

AUTOGOBERNUA

Gainera, Eusko Jaurlaritzak proposatu bezala, joan den otsailaren 20ko bileran, Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak Euskadira egindako bisita instituzionalean adostutako transferentzien kronograman aurrera egiteko lanari ekitea erabaki dute. Ildo horretan, Carolina Dariasek eta Josu Erkorekak adostu dute lan-taldeak aktibatzea, Gernikako Estatutua osatzeko egin gabe dauden transferentzien egutegia eguneratzeko, eta Transferentzien Batzorde Misto bat egitea Euskadi 3. fasera igarotzen denean. Batzordearen bilera presentziala izango da, adostuta zeuden hiru gaiekin:

  • Farmazia-produktuei buruzko legeria
  • Eskola-asegurua
  • Enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzak.