Kirol klubek, federazioek eta kirol elkarteek ere Elkargik enpresei laguntzeko sustatutako programan parte hartu ahal izango dute

0
Polideportivo Municipal Piscinas Paco Yoldi. Piscina cubierta (50X21) Piscina cubierta (25X12) Piscina descubierta de chapoteo (4X4) 3 salas para usos multiples (120m2) 1 gimnasio de musculación (180m2) 1 gimnasio cardiovascular (180m2) Pista polideportiva 50X30 (3 módulos) Frontón corto 36X18 (posibilidad fútbol sala) Frontón largo 55X18 Donostia, 13 de enero de 2010 © Karlos Corbella -argazkilaria-

Elkargiren bidez ETEei, mikroETEei eta autonomoei finantza-laguntza emateko programaren azken hedapenari esker, kredituak eta diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte kirol federazioek eta irabazi-asmorik gabeko klub edo kirol elkarteek. Hala iragarri du gaur goizean Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, eta neurri horrek kirolaren arloan duen garrantzia azpimarratu du. «Orain arte, kirol erakundeek ezin zituzten kreditu-lerro horiek eskuratu, gehienak ez baitira merkataritza-erakundeak; alabaina, Eusko Jaurlaritzak puntu hori aldatu du programaren azken hedapenean, eta horrek jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko erakundeei ere likidezia erraztea ahalbidetuko du», adierazi du.

Gobernu Kontseiluak Elkargiren bidez bideratutako finantzaketa-lerro hori beste 500 milioi euro handitzea onartu zuen joan den astean, 1.000 milioi eurora iritsiz. Programa honen bidez, enpresa eta pertsona autonomoen egitura-gastu finkoei estaldura eman nahi zaie, enpresa-ehunean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan dituzten ondorioak eta handizkako finantzaketa-merkatuetan edo kreditu-erakundeen ohiko lerroetan sartzeko gaitasun erlatibo txikiagoa kontuan hartuta.

Programa honetarako funtsak handitzeaz gain, Ekonomia eta Ogasun Sailak, bere azken aldaketan, ezabatu egin du programa horretara sartzen diren enpresa txiki eta ertainak merkataritza-erakundeak izateko betebeharra, eta ateak ireki dizkie irabazi-asmorik gabeko erakundeei. Horrek sarbidea irekitzen die kirol klubei, kirol federazioei edo kirol elkarteei.

«Kirol erakunde gehienak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta, beraz, ez zuten sarbiderik Elkargiren bidez enpresen likidezia bultzatzeko abian jarritako programetara. Orain, Ekonomia eta Ogasun Sailak puntu hori aldatu du, beste erakunde batzuek ere parte hartu ahal izan dezaten, programa kirol erakundeetara ere zabalduz «, adierazi du Jon Redondok.

Hala, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak adierazi du funtsezko neurria dela kirol-erakundeentzat gaur egungo egoeran: «Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hainbat bilera egin ditu sektorearekin Osasun Larrialdia deklaratu zenetik eta Alarma Egoera ezarri zenetik. Eta ikusi dugu likidezia falta dela kirol-entitateen arazo nagusietako bat. Neurri hau lagungarria izango da klub, federazio eta kirol elkarte askorentzat «, adierazi du.

Onuradunak:

  1. a)Baldintza hauek betetzen dituzten Euskadiko ETEak:
  • 250 langile baino gutxiago izatea.
  • Urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
  • Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo batzuek, zuzenean edo zeharka, ETE horren %25eko edo gehiagoko partaidetza ez izatea.
  1. b)Euskadiko norbanako enpresariak (mirkoETEak) eta autonomoak:
  • Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian alta emanda egotea.
  • PFEZari lotetsitako jarduera ekonomikoetatik edo profesionaletatik etekinak lortzea.

Finantza eragiketak:

  • Tresna: mailegu amortizagarria.
  • Interes tasak: %0, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen baititu.
  • Mailegu eragiketen epea: 5 urte (urtebeteko gabezialdia, nahi izanez gero)
  • Euribor aplikagarriarekiko diferentziala: %0,50
  • Likidazioaren aldizkakotasuna: hiru hilabetez behin.
  • Komisioak: 0€. Mailegu hartzaileak mailegua aurretik kitatu edo amortizatu ahal izango du, inolako kosturik gabe.

Abalen kostua eta baldintzak:

  • Gauzatze komisioa eta azterketa komisioa: gauzatutako abalaren %0,25, behin bakarrik ordaindu beharrekoa.
  • Abalaren komisioa: %0,75 urtean. Komisio horrek Eusko Jaurlaritzaren %50eko diru-laguntza izango du.
  • Elkargik ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.