Osasun alarmari buruzko irizpideak Ertzaintzan eta udaltzaingoetan berrikusketa

0
PRUEBA

17MERKATARITZA-JARDUERAK EDO ANTZEKOAK JENDEARENTZAT IREKITZEARI BURUZ

 

1. Zer merkataritza-lokal/ establezimendu edo zerbitzu-lokal/establezimendu egon daitezke irekita?

Alarma-egoera deklaratu ondoren jarduera eten zaien txikizkako establezimendu eta merkataritza-lokal eta zerbitzu profesionaleko jarduera guztiak berriro ireki ahal izango dira, salmentarako eta erakusketarako azalera erabilgarria kontuan izan gabe, honako baldintza guztiak betetzen badituzte:

 

A) Merkataritzako establezimendu eta lokalen guztizko edukiera ehuneko berrogeira (% 40) murriztea. Hainbat solairutan banatutako establezimendu edo lokalen kasuan, bezeroak solairu bakoitzean egoteak proportzio hori bera gorde beharko du.

 

Edonola ere, gutxienez bi (2) metroko distantzia bermatu beharko da bezeroen artean. Distantzia hori mantendu ezin den lokaletan, bezero bat (1) bakarrik egon ahal izango da lokalaren barruan.

 

B) 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta-ordutegia ezartzea. Hori guztia ezarritako higiene-baldintza eta -neurriak betez.

 

Alarma-egoeraren hasieratik irekita egon diren establezimenduei dagokienez, hau da, janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak barne, edari dendak, farmaziak, osasun-zerbitzuak beren osotasunean, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak euren aktibitatearekin jarraitu ahal izango dute baldintza berdinetan. Dena den, hemendik aurrera, langileentzako zein establezimenduetarako higiene- edota prebentzio-neurriak izan beharko dituzte.

 

Merkataritza-guneak eta merkataritza-parkeak berriro ireki ahal izango dira, betiere honako baldintza hauek guztiak bermatzen badira:

 

A) Merkataritza-zentro edo -parke bakoitzaren Autobabes Planean zehaztutako edukieren arabera, euren gune komunen guztizko edukiera ehuneko hogeita hamarrera (% 30) mugatzea.

 

B) Edukiera ehuneko berrogeira (% 40) mugatzea bertan kokatutako merkataritza-establezimendu bakoitzean.

C) Bezeroak ezin izango dira gune konpartituetan egon, merkataritza-establezimenduen arteko igarotze hutserako izan ezik.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez zaio aplikatuko eremu komun horietan egiten den ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, jarduera hori ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetarako aurreikusitakoari egokituko baitzaio.

D) Debekatuta dago jolas-eremuak erabiltzea, hala nola haurrentzako guneak, ludotekak edo atsedenlekuak, eta itxita egon beharko dute.

E) Ezarritako higiene-neurriak betetzea.

 

  1. Merkealdiak edo merkataritza-sustapeneko beste jarduera batzuk egin daitezke?

 

Bai. Merkataritza-establezimenduek egiten dituzten merkataritza- edo sustapen-ekintzekin batera, beharrezko neurri egokiak hartu beharko dituzte, jende-pilaketarik ez sortzeko, segurtasun-distantzia zaintzeko, edukiera-mugak betetzeko eta agindu honetan ezarritako gainerako neurriak arriskuan ez jartzeko. Baita aipatutako merkataritza- edo sustapen-ekintzak berehala eteteko ere, beharrezkoa izanez gero.

 

  1. Nekazaritza- azokak eta -merkatuak?

 

Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizionalak (normalean astean behin egiten direnak) egin ahal dira, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun-neurri errespetatzea.

 

Udalek saltokien arteko distantzia-neurriak eta azoka mugatzeko baldintzak ezarri beharko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko helburuarekin.

 

Bezeroen joan-etorria mugatu beharko da, bi metroko distantzia soziala mantentzen dela ziurtatzeko.

 

  1. Aire zabalean jarduten duten merkatuak (azoka txikiak)?

 

Kaleko salmentarako azoka txikiak baimentzen dira, eta lehentasuna ematen zaie elikagai-produktuei eta premia biziko produktuei, eta merkaturatzen diren produktuak kontsumitzaileek ez manipulatzea bermatzen saiatuko dira.

Udalek saltokien arteko distantzia-baldintzak eta azokako mugei buruzko baldintzak ezarri behar dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko helburuarekin.

Bezeroen joan-etorria mugatu beharko da, bi metroko distantzia soziala mantentzen dela ziurtatzeko.

 

  1. Hileta-beilatokiak, kultu-lekuak, hileta-zeremonia zibil eta erlijiosoak.

 

Beilatokiak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publikoetan zein pribatuetan, eta, gehienez ere, hogeita bost (25) pertsona egon ahal izango dira aire zabaleko espazioetan edo hamabost (15) pertsona espazio itxietan, elkarrekin bizi edo ez.

 

Hildakoaren ehorzketarako edo errausketarako segizioan gehienez ere hogeita bost (25) pertsonak baino ez dute parte hartuko, senitartekoen eta hurbilekoen artean, bai eta, hala badagokio, kasuan kasuko aitorpeneko kultu-ministroak edo pareko pertsonak ere, hildakoaren agur-errituak egiteko.

 

Nolanahi ere, osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira, gutxienez bi metroko segurtasun-distantzia mantentzeari, eskuen higieneari eta arnasa hartzeko moduei dagokienez (adibidez: ukondoaren flexioan eztul egitea).

 

Kultu-lekuetara joan ahal izango da, leku horren edukieraren %ko 50 baino gehiago betetzen ez bada, eta osasun-agintariek ezarritako higienearen eta urruntze fisikoaren neurri orokorra betetzen badira.

 

Badaude gomendio orokor batzuk, besteak beste, kultu-lekuetarako sarreren eta irteeren antolaketari dagozkionak, kultu-lekuen inguruetan eta sarbideetan pertsonen pilaketak ekiditeko.

 

Era berean, hilerrietara joatea baimenduta dago, hurbilekoak gogorarazteko edo omentzeko, udal bakoitzak ezartzen duenaren arabera.

 

  1. Ezkontza-zeremoniak.

 

Ezkontza-zeremoniak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publikoak zein pribatuak, aire zabaleko espazioetan edo itxietan, betiere edukieraren ehuneko berrogeita hamar (% 50) gainditzen ez bada, eta gehienez ere ehun (100) pertsona elkartuz aire zabaleko espazioetan edo berrogeita hamar (50) pertsona espazio itxietan.

 

Zeremoniak egiten diren bitartean, osasun-agintariek ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak bete beharko dira, distantzia fisiko mantentzeari, eskuen higieneari eta arnasa hartzeko moduari (adibidez: ukondoaren flexioan eztul egitea) dagokienez.

 

Zeremoniaren ondoren egiten diren ospakizunek ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuren bat eskatzen badute, jarduera horietarako aurreikusitakoa bete beharko dute.

Artikulu honetan aurreikusitakoa gizarte-izaerako beste erlijio-ospakizun batzuei aplikatuko zaie.

 

  1. Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea.

 

Ireki litezke. Eremu komunak publikoarentzat irekitzea baimentzen da, betiere edukieraren herena gainditzen ez bada.

 

Ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak jarduera horietarako ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Animazio-jarduerak edo taldekakoak hogei (20) pertsonako gehieneko edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira, higiene- eta osasun-neurriak errespetatuz.

 

  1. Zein dira ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan zerbitzua emateko baldintzak?

 

Terrazak ireki daitezke, baina mahaien ehuneko berrogeita hamarreko (% 50) mugarekin, udal-baimenaren arabera. Nolanahi ere, mahaien artean gutxienez bi metroko distantzia fisikoa mantentzen dela ziurtatu beharko da.

 

Hala ere, Udalek mahaien kopurua handitu ahal izango dute, baldin eta azalera proportzionala handitzen bada.

 

Terrazetan bilerak egiteko baimena ematen da, edariak eta janariak kontsumitzeko. Bilerak gehienez hamar lagunekoak izango dira (10), mahai edo mahai multzo bakoitzeko. Terrazak ireki eta ixteari dagokionez, ordutegia dagokion Udalak ezarritakoaren arabera arautuko da.

 

Terrazetan zerbitzua ematean higiene- eta/edo prebentzio-neurriak errespetatuko dira, bai eta langileentzako higiene- eta/edo prebentzio-neurriak ere.

 

Lokalaren barruan kontsumitu ahal izango da, baldin eta edukieraren ehuneko berrogeita hamarra (% 50) gainditzen ez bada eta baldintza hauek betetzen badira:

 

Lokal barruan, mahaian eserita edo mahaiak elkartuta bakarrik kontsumitu ahal izango da. Bezeroak ez du inola ere onartuko autozerbitzua barran. Halaber, establezimenduan bertan egin ahal izango da bertako janaria eta edaria enkarguz eraman ahal izateko eskaria.

 

Nolanahi ere, mahaien artean gutxienez bi (2) metroko distantzia fisikoari eusten zaiola ziurtatu beharko da.

 

Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki daitezke, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin (% 50), hosteleritzako eta jatetxeetako osasun- eta higiene-baldintza ber-beretan.

Debekatuta dago diskoteken eta gaueko aisialdiko tabernen lokalak irekitzea.

 

  1. Zilegi al da gizarte-bilerak etxeetan, lokal priobatuetan nahiz erabilera publikoko lekuetan egitea?

 

Bai, hamabost (15) pertsonako mugarekin, osasun agintariek ezarritako distantzia fisikoa eta norberarenganano babes-arauak errrespetatuz.

 

  1. Zilegi al da adinekoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen egoitza-zentroetara eta tutoretzapeko etxebizitzetara bisitak egitea?

 

Adinekoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen egoitza-zentroetara eta tutoretzapeko etxebizitzetara bisitak egin litezke eta bertakoek paseoak ere eman ahal izango dituzte, beti ere Foru-Aldundiek zehazten duten araudiaren eta egutegiaren arabera.

 

  1. Kultura- eta aisialdi-jarduerak irekitzea baimentzen da?

 

Museoek jendearentzat ireki ahal izango dituzte instalazioak, areto eta espazio publiko bakoitzerako aurreikusitako edukieraren erdira arte (% 50).

Kultur etxeei, antzokiei eta zinemei dagokienez, edukieraren herena baimentzen da, 50 pertsonako mugarekin.

Espazio irekietan, barrutiaren edukieraren herena izango da gehieneko edukiera, 400 pertsonako mugarekin, publikoa eserita, eta distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak bermatuta beti.

 

  1. Pertsona talde mugatuekin turismo aktiboa, mendi-ibiliak eta antzekoak egiterik badago?

 

Bai, eta ekimen horiek ez dituzte nahitaez turismo aktiboko eta naturako enpresek antolatu behar; gehienez ere hogei (20) pertsonako taldeak izan beharko dute.

 

  1. Ba al dago aurrez aurreko jarduerarik hezkuntza- edo prestakuntza-eremuan?

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerei berrekingo zaie, eta irakaskuntza jakin batzuetara sartzeko azterketak eta probak egingo dira maiatzaren 25etik aurrera.

 

Autoeskolak eta akademiak berriro irekitzea baimentzen da, betiere edukieraren herena gainditzen ez bada.

 

Azterketa ofizialak deitu, antolatu eta egin daitezke.

 

  1. Zilegi al da kongresuak, topaketak, negozio-bilerak eta hitzaldiak egitea?

Edozein erakunde publiko edo pribatuk sustatutako kongresuak, topaketak, negozio-bilerak eta konferentziak egin ahal izango dira. Horretarako, biltzar-pabiloiak, hitzaldi-aretoak, erabilera anitzeko aretoak eta antzeko beste establezimendu eta instalazio batzuk irekiko dira.

Ekitaldi horietan, bi metroko distantzia fisikokoa bete beharko dute, beti ere bertaratutako pertsonen kopurua berrogeita hamarretik (50) gorakoa izan gabe, eta beren jarduera urrutitik egin dezaketenen parte-hartze ez-presentziala sustatu beharko da.

 

JOAN-ETORRIEI ETA IZAERA SOZIALEKO NEURRIEI BURUZ

 

 

  1. Ba al dago langileek, lantokirako joan-etorrietan, oinez edo automobilez mugitzean eraman beharreko ziurtagiri edo agiriren bat?

 

Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea.

 

  1. Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?

 

Mugikortasunari dagokionez, jarduera guztietarako erreferentziazko lurralde-unitatea egoitza finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoa da, bai eta norberaren udalerriarekiko mugakide direnak ere, nahiz eta beste Lurralde Historiko batekoak izan.

 

Hala ere, pertsonak, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetatik mugitu ahal izango dira honako arrazoi hauengatik: osasun-arrazoiak; lan- edo enpresa-arrazoiak; ohiko bizilekura itzultzekoak; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiak; adinekoak, mendekoak, desgaitasuna dutenak edo premia-egoeran daudenak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko arrazoiak, eta antzeko beste edozein arrazoi.

 

Bilobak zaintzera edo senitartekoek zaintzeko haurrak lekualdatzera ere joan ahal izango da behar izanez gero, Autonomia Erkidego mailan.

 

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako justifikatutako arrazoiak direla-eta, EAEtik kanpo joan-etorriak egin ahal izango dira.

 

Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen da.

 

Espazio publikoetan maskarak erabiltzearen nahitaezkotasuna.

 

Nahitaezkoa da sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak, sei (6) urtetik gorako pertsonentzat.

 

Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartzen.

 

Baldin eta ezinezkoa bada pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izatea, nahitaez erabili beharko da maskara bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta erabilera publikoko edo jendearentzat irekita dagoen edozein espazio itxitan.

Betebehar hori ez zaie eskatuko arnas zailtasunen bat duten pertsonei, behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik edo desgaitasun- edo mendetasun-egoeragatik maskararen erabilera kontraindikatuta badaukate, erabilpena bideraezina egiten duten jokabide-aldaketak badituzte, maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jarduerak egiten badituzte (adibidez, elikagaiak eta edariak hartzea; korrika egitea eta txirrindularitza egitea), edo ezinbesteko arrazoiengatik edo premia-egoeragatik.

 

  1. Euskal Autonomia Erkidegoak inguratzen dituen udal horiei dagokienean, zein da araua?

 

Euskal Autonomia Erkidegoak inguratzen dituen udalerri horiek (Trebiñu, Orduña, Villaverde…), inguratzen dituen Lurralde Historikoaren tratamendu bera izango dute.

 

JARDUERA FISIKOA

 

  1. Aire zabalean egiten den jarduera fisiko ez profesionalaren erregulazioa (paseoak eta banakako kirola).

 

Zer baldintza bete behar dira kirol-jarduera eta paseoak egin ahal izateko, kirol instalazioez kanpo?:

Ibilaldiak eta banakako kirol-jarduera hamar (10) laguneko taldean egin ahal izango dira, bi (2) metroko distantzia errespetatuz. Jarduera, egoitza finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan garatuko da, bai eta udalerri horren beste Lurralde Historiko bateko mugakideetan ere.

 

Non egin ahal da?:

  • Edozein bide edo esparru publikotan, natura-eremu eta baimendutako berdeguneetan ere bai.
  • Kudeaketa pribatuko eta publiko kirol zentroetan banakako kirol-jarduera egitea baimenduta dago, baina beti aldez aurretiko hitzorduarekin.

 

  • Mendira joan ahal da edo beste edozein kirol egin (adibidez, txirrindularitza). Leku horietara joateko autoa erabili behar baduzu, egin dezakezu.
  • Jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egingo da beti osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun-, eta higiene-neurriak errespetatuz.

 

  • Estalitako kirol-instalazioak (igerilekuak izan ezik).

Estalitako kirol-instalazioak ireki ahal izango dira.

 

Estalitako kirol-instalaziotzat joko da kirol-instalazio oro, esparru itxi edo ireki batean kokatuta egon, guztiz itxita egon eta sabaia izan eta kirol-modalitate bat (gimnasioak, tenisa, frontoiak, etab.) praktikatzea ahalbidetzen duena.

 

Edozein pertsonentzat izango dira erabilgarri.

 

Kirol-jarduerarako hitzordua eskatu beharko da.

Banakako kirol-jarduerak edo gehienez ere bi (2) pertsonak egin ditzaketen praktikak baimendu ahal izango dira modalitate horietan, betiere kontaktu fisikorik gabe.

 

Era berean, instalazio bakoitzean kirol-erabilerarako edukieraren ehuneko hogeita hamar (% 30) errespetatuko da.

 

Aldagelak erabili ahal izango dira, prebentzio- eta higiene-neurri orokorrak errespetatuz.

 

  • Kirol-erabilerarako igerilekuak.

 

Kirol-jarduerak egiteko aire zabaleko igerilekuak edo igerileku estaliak ireki ahal izango dira.

Edozein pertsonentzat izango dira erabilgarri.

 

Kirol-jarduerarako hitzordua eskatu beharko da.

 

Banakako kirol-jarduerak edo gehienez ere bi (2) pertsonek egin ditzaketen praktikak baimendu ahal izango dira modalitate horietan, betiere kontaktu fisikorik gabe.

 

Igerileku bakoitzean kirol-erabilerarako edukieraren ehuneko hogeita hamar (% 30) errespetatuko da.

 

Aldagelak erabili ahal izango dira, prebentzio- eta higiene-neurri orokorrak errespetatuz.

  • Jolas-igerilekuak.

 

Jolas-igerilekuak jendearentzat ireki ahal izango dira, eta edozein pertsona sar daiteke horietara.

Baimendutako gehieneko edukiera instalazioaren edukieraren ehuneko hogeita hamar (% 30) izango da.

 

Igerilekura sartu ahal izateko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

 

Eta ehiza eta kirol- edo jolas-arrantza?

 

Bai. Ehiza- eta kirol-arrantzako edo jolas-arrantzako jarduerak baimenduta daude, modalitate guztietan, berariazko araudian ezarritakoaren arabera, betiere segurtasun-distantzia eta osasun-agintariek ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak errespetatzen badira.

 

Ehiztari bat baino gehiago inplikatzen duen ehiza-jarduera antolatuari dagokionez, arduradunak jarduteko plan bat eduki beharko du, zaindu beharreko prebentzio- eta higiene-neurriak zehaztuta.

 

Ba al dago banakako kirola eta ibilaldiak egiteko ordu-tarterik?

 

Ezabatu egin dira pertsonen mugikortasuna murrizten zuten ordu-tarteak.

70 urtetik gorako pertsonek eta arrisku-taldeek lehentasuna izango dute erabilera publikoko guneetan, 10:00etatik 12:00etara bitarteko ordutegietan eta 19:00etatik 20: 00etara bitarteko ordutegietan.

 

  • Eta kirol-jarduera profesionala eta federatua?

 

Kirolari profesionalek banaka egin ahal izango dituzte entrenamenduak, aire zabalean. Entrenamenduen iraupena eta ordutegia kirol-formarako mantentze-lan egokiak egiteko beharrezkoak direnak izango dira. Bertan egon ahal izango da entrenatzaile-lana egiten duen pertsona bat, segurtasun-neurriak gordeta.

 

Dagokien federazioak emandako kirol-lizentziarekin edo goi-mailako kirolariaren ziurtagiriarekin egiaztatuko dute beren izaera.

 

Aurreko paragrafoan jaso ez diren kirolari federatuek banaka egin ahal izango dituzte entrenamenduak, aire zabaleko espazioetan, ordu-tarte jakinik gabe.

 

Arau orokor gisa, horrelako jardueretarako pertsonen arteko distantzia bi (2) metrokoa izango da gutxienez, salbu eta bizikletak (ez da tropelik onartuko), patinak edo antzeko beste tresna batzuk erabiltzen badira; azken kasu horretan, hamar (10) metrokoa izango da distantzia hori. Gutxieneko distantzia horiek ez dira eskatuko kirol egokituaren kasuan.

 

Kirolari profesionalak eta federatuak ibilgailu motordunean edo garraio publikoan joan ahal izango dira kirol-jarduerara, betiere ezarritako lurralde-mugen arabera.

 

Bi kasuetan, kirol egokituko edo paralinpikoko modalitateak egiten dituztenek beste kirolari baten laguntza izan dezakete kirol-jarduera egiteko, hori saihestezina bada.

 

Kasu horretan, pertsonen arteko segurtasun-tarteak kirola egiteko beharrezkoa denera murriztuko dira, eta biek erabili beharko dute maskara, eta kasu bakoitzean norberaren higienea eta arnas etiketa bermatzeko egokitzat jotzen diren neurriak aplikatuko dira.

 

Kirol-jarduera federatuan, kirol-modalitatean animaliek parte hartzen badute, praktika aire zabalean egin ahal izango da, banaka, animaliak egoten diren lekuan, aldez aurretik hitzordua eskatuta eta denbora-tarte berean.

 

Federatutako 14 urtetik beherakoek eta 70 urtetik gorakoek egunean bi aldiz egin ahal izango dute kirola, ordutegi-mugarik gabe, bizilekua finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan, bai eta beste lurralde historiko bateko udalerri mugakideetan ere, entrenatzailerik gabe. Hau da, federatutako gainerako kirolarien prerrogatiba berberak ditu.

 

  • Liga ez-profesional federatuetako oinarrizko entrenamendua.

 

Liga ez-profesionaletan parte hartzen duten klubetako kirolariek oinarrizko entrenamenduak egin ahal izango dituzte, kirol-modalitate espezifiko bati zuzenduak, banaka eta dagozkien prebentzio- eta higiene-neurriak betez.

 

 

  1. Eta 14 urtetik beherakoen joan-etorriak?

 

14 urtetik beherako haurrak bizikidetza-unitatearekin atera ahal izango dira, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun batekin, ordu-tarterik gabe.

 

Ezin izango da aire zabaleko haurrentzako jolas-espazioetara sartu.

 

  1. Baimenduta al dago jolas- edo kirol-nabigazioa?

 

Bai. Ontzi guztiekin nabigatu ahal izango da, egoitza finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan, bai eta beste Lurralde Historiko baten mugakideetan ere.

Aisialdiko nabigazioa maila pribatuan, alokairu bidez edo turismo aktiboko enpresa bat kontratatuz egin daiteke.

 

Ohiko segurtasun- eta mantentze-egiaztapenetarako bisitak baimenduko dira.

 

Ontzi guztiekin nabigatzea baimentzen da,% 50eko okupazioarekin, gehienez ere 10 pertsonarekin.

Ontziak ezin izango dira 12 milia baino gehiago urrundu nabigazioa hasten den portutik.

 

Hondartze-, mantentze- eta konponketa-jardueretarako, EAEE lurralde historikoetatik kanpora lekualdatu ahal izango da, eskatutako baldintzen arabera.

 

AISIALDIA

 

  1. Zilegi al da autokarabanak erabiltzea?

 

Bai, bai joan-etorrietarako, bai ostatu-gauetarako, bizilekua finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan, bai beste Lurralde Historiko bateko norberaren udalerriaren mugakideetan er, betiere, ibilgailuaren kanpatzeari eta aparkatzeari buruz indarrean dagoen araudia errespetatuz.

 

  1. Hondartzetan baimendutako jarduerak.

 

Hondartzetako joan-etorria eta egonaldia, bai eta kirol-, lanbide- edo jolas-jarduerak egitea ere, banaka eta kontaktu fisikorik gabe egin daitezke, eta parte-hartzaileen artean gutxienez bi metroko distantzia eta gehienez hamabost (15) pertsonako taldeen arteko distantzia mantentzea zainduz.

 

Objektu pertsonalak, eskuoihalak, etzateko aulkiak eta antzeko elementuak beste erabiltzaile batzuekiko bi metroko segurtasun-perimetroa bermatzeko moduan kokatuko dira, elkarrekin bizi diren bainularien kasuan izan ezik.

 

Aisialdiko bainuak baimenduko dira, bai eta eguzkia modu estatikoan hartzea ere, baldin eta hondartzako araudiak baimentzen baditu.

 

Udalek mugak ezarri ahal izango dituzte, bai sarbideari dagokionez (doakoa izango da), bai hondartzetarako edukierari dagokionez, bainularien artean gutxienez bi metroko pertsonen arteko distantzia errespetatzen dela ziurtatzeko.

 

GARRAIOA

  1. Zein dira ibilgailuak okupatzeko eta maskarak erabiltzeko baldintzak lurreko garraioan?

 

Bederatzi eserleku arteko ibilgailu pribatuetan, eserleku-ilara bakoitzeko bi pertsona joan ahal izango dira. Guztiak ez badira etxe berean bizi, nahitaez erabili beharko dituzte maskarak.

 

Etxebizitza berean bizi diren pertsonek ibilgailu bera partekatu ahal izango dute baimendutako plaza-kopuruaren muga bakarrarekin, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izan gabe.

 

Eserleku-ilara bakarra duten ibilgailuetan, hala nola ibilgailu astunen kabinetan, furgonetetan edo bestelakoetan, gehienez ere bi pertsonak bidaiatu ahal izango dute, betiere ahalik eta distantziarik handiena gordez. Etxe berean bizi ez badira, maskara erabili beharko dute.

 

Bidaiarien garraio publikoetan, nahitaezkoa izango da erabiltzaile guztiek maskarak erabiltzea, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak errespetatuz. Sarbideetan, geletan eta itxarote-nasetan 2 metroko distantzia mantentzea komeni da.

 

Bederatzi plaza arteko bidaiarientzako ibilgailu publikoetan, gidaria barne, bi pertsona joan ahal izango dira gidariaren eserlekuarekiko eserleku-ilara gehigarri bakoitzean. Nolanahi ere, bidaiarien artean ahalik eta distantzia handiena egotea bermatu beharko da, salbu eta etxebizitza berean bizi badira; kasu horretan, hiru pertsonak bidaiatu ahal izango dute. Bidaiariek, gidariak barne, maskara eramango dute guztiak etxebizitza berean bizi ez direnean.

 

Autobusetan, hutsik mantenduko dira beti gidariak okupatutako eserlekuaren ondo-ondoko besaulkiak, banantzeko manpara bat dagoenean izan ezik. Bai autobusetarako, bai trenbideko garraiorako, bidaiari guztiak eserita joan behar direnean, operadoreak plazen okupazio osoa mugatu egingo du, bidaiariek ondoan eserleku huts bat izan dezaten, beste edozein bidaiarirengandik bereizteko. Arau honen salbuespen bakar gisa, operadoreak elkarren ondoko eserlekuetan kokatu ahal izango ditu elkarrekin bidaiatzen duten eta egoitza berean bizi diren pertsonak; kasu horretan, okupazioa handiagoa izan daiteke. Okupazioaren banaketan, arreta berezia jarriko da desgaitasuna duten pertsonentzako espazioen gaikuntzan.

Bidaiariak zutik garraiatzeko plataformak daudenean, ahaleginak egingo dira pertsonek ahalik eta distantzia handiena izan dezaten beren artean, eta erreferentzia gisa ezarriko da eserita dauden plazen erdia okupatzea, eta zutik bidaiatzeko eremuan metro koadro bakoitzeko bi bidaiari joatea gehienez ere.

 

Motozikletetan, ziklomotorretan eta L kategoriako ibilgailuetan, oro har, bi bidaiari doazenean, maskara edo kasko integrala eraman beharko dute etxe berean bizi ez direnean. Bidaiariak nahitaez erabili beharko ditu eskularruak, bai eta gidariak ere, erabilera partekatuko motozikleten eta ziklomotorren kasuan. Horretarako, motorzaleak babesteko ohiko eskularruak onartuko dira.

 

Sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea nahitaezkoa izango da autobus-, trenbide-, aire- eta itsas garraioko erabiltzaile guztientzat. Ontzi eta itsasontzietako bidaiariek ez dute maskararik erabili beharko beren kamarotean daudenean.

 

Bidaiariekin harreman zuzena duten garraio-zerbitzuetako langileek maskarak eraman beharko dituzte eta gel hidroalkoholikoak izan beharko dituzte eskura, eskuetako higienea maiz egiteko.

 

Maskarak erabiltzeko betebeharretik kanpo geratzen dira sei (6) urtetik beherako pertsonak, bai eta arnasa hartzeko zailtasunen bat, kontraindikazioren bat, bateraezintasunen bat edo ezinbesteko egoeraren bat duten pertsonak ere.

 

  1. Joan al daiteke familiako pertsona baten bila aireportura, geltokira…?

 

Bai, lurreko garraioko ibilgailuak okupatzeko eta maskarak erabiltzeko baldintzak betez. Bizilekua finkatuta dagoen udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan egingo da joan-etorria.

 

  1. Bidaiatu al daiteke bigarren egoitzetara?

 

Bai, norberak egoitza finkatuta daukan udalerriari dagokion Lurralde Historikoaren barruan, bai eta beste Lurralde Historiko bateko udalerri horren mugakideen barruan ere.

Bertan lo egin ahal izango da.

 

  1. Zirkulatu al daiteke IAT iraungita duen ibilgailu batekin?

 

Bai, horrela zirkulatu ahal da, salbu eta IATa 2020ko martxoaren 14rako iraungita ez bazegoen edo-ta berritzeko hitzordua hartu gabe bazeneukan.

 

IAT estazioak ireki dira eta IATren balio-epeak luzatu dira, IAT bakoitzaren iraungitze-data kontuan hartuta, SND/413/2020 Aginduak ezartzen duenaren arabera.