Zizurkilen marihuana-plantazio bat aurkitu dute

0

Ertzainek bi pertsona, 43 urteko gizon bat eta 39 urteko emakume bat, atxilotu zituzten joan den ostegunean, maiatzaren 21ean, Zizurkilen, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, etxean marihuana hazteagatik. Ertzainek landareak hazteko eta zaintzeko lanparez eta bestelako elementuz hornituta aurkitu zituzten etxeko hainbat gela.

Plantazioa joan den ostegun goizaldean aurkitu zuten, Zizurkilgo etxe batean bikote baten artean zerbait gertatu zela ohartaraziz egindako dei baten ondorioz.

Bertara hurbildu ziren patruilak etxean bizi den emakumea identifikatzen ari zirela, bere onetik aterata zegoen eta hormei eta etxeko altzariei kolpeka ari zen gizon baten oihuak entzun zituzten. Polizia-baliabideek egiaztatu zuten ez zela inolako eraso fisikorik egon pertsonen artean.

Inplikatutako pertsonekin jarduten ari zirela, patruilak konturatu ziren etxeko hainbat gela marihuana-landareak hazteko egokituta zeudela. Horrela, etxebizitzan zeuden bi pertsonak osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zituzten substantzia sorgorgarrien trafikoa leporatuta.

Gero, dagokion baimena hartuta, Hernaniko Ertzain-etxeko agenteek miatu egin zuten etxebizitza, eta delituarekin erlazionatutako ebidentziak jaso zituzten, besteak beste, 166 marihuana-landare, ia bi kilo eta erdi kukulu, horietako batzuk termozigilatutako plastikozko poltsatan, marihuana-aldaxkak, kukuluak zituzten adarrak, hutsean ontziratzeko makina bat eta oharrak zituen libreta bat.

Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotuak aske utzi zituzten, eta epailearen aurrera agertzeko noiz deituko zain daude.