Uztailaren 12ko hauteskundeetarako udaletako langileen ezohiko zerbitzuen zenbatekoa igotzeko akordioa

0

Gobernu Kontseiluak onartu du urriaren 16ko 148/2018 Dekretuan jasotako udalen gastu arruntaren zenbatekoa aldatzea maiatzaren 18ko 11/2020 Dekretu bidez lehendakariak uztailaren 12rako deitu dituen hauteskundeetarako.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak eta administrazioarekin lotutako bestelako funtzionamendu-gastuak arautzen dituen Dekretuan 205 euroko zenbateko globala ezartzen da udalerriko hauteskunde-mahai bakoitzeko hauteskunde-prozesuko gastuak ordaintzeko, esate baterako, hauteslekuak atontzeko eta garbitzeko, hauteskunde-mahaietako idazmahaiko materialerako, eta boto-kutxak, kabinak eta gainerako materiala muntatzeko, desmuntatzeko eta garraiatzeko.

Maiatzaren 18ko 11/2020 Dekretu bidez (2020ko maiatzaren 19ko EHAA) deitutako hauteskundeak zaintza- eta kontrol- testuinguru sanitario berezian egingo dira, eta horrek eskatzen du ohiko hauteskunde-prozesu batean hartuko ez liratekeen eta osasun-agintariek aholkatzen dituzten beste neurri batzuk ere hartzea, bereziki hauteslekuak atontzeari eta garbitzeari dagokionez.

Horrek guztiak eragingo dituen gastuak ordaintzeko, beharrezko ikusi da urriaren 16ko 148/2018 Dekretuaren, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak eta hauteskunde-administrazioarekin lotutako bestelako funtzionamendu-gastuak arautzen dituenaren, 11. artikuluan aurreikusitako zenbatekoa eguneratzea.

Eragin horretarako egokitu da, beraz, zenbatekoa, eta hauteskunde-mahai bakoitzeko 205 eurokoa izan ordez 300 eurokoa izango da. Uztailaren 12ko hauteskundeetan guztira 2.677 hauteskunde-mahai jarriko dira (426 Araban, 1.400 Bizkaian eta 851 Gipuzkoan), eta horrek eragindako gastua, beraz, 803.100 eurokoa izango da.