Bilbok «2020ko Europar Diploma» jaso du

0

Bilbok “2020ko Europar Diploma” jaso berri du. Aintzatespen hau Europako Kontseiluko Legebiltzarreko Asanbladak ematen du, Europaren aldeko ideiak sustatzeko eta hedatzeko konpromisoa daukaten hiriak saritzeko.

Jakinarazpena Juan Mari Aburto alkateari egin diote: saria emateko ekitaldira joateko dei egin diote. Ekitaldi ofiziala Europako Kontseiluko Legebiltzarreko Asanbladaren barruan egingo da, datozen hilabeteetan, Frantziako Estrasburgo hirian.

Diploma hau ematean, besteak beste, “Europako balioak defendatzearen alde eta bertako hirien arteko lankidetzaren alde hiri honek duen konpromisoa” azpimarratu dute. Modu berean, nabarmendu egin dituzte «nazioarteko sareetan duen inplikazio aktiboa, jardunbide egokiak trukatzeko Europako proiektuetan parte hartzea, hiriaren elkarlanerako sena, eta lankidetza deszentralizatuarekin daukan konpromisoa». Gehien azpimarratu diren kapituluetako bat izan da balioen hiriaren proiektuarekin duen esperientzia, baita ere egindako ahalegin kolektiboa eta erakutsitako elkartasuna, azken hamarkadetan Bilbo eraldatzea ahalbidetu dutenak”.

EUROPA SARIRAKO LEHENBIZIKO URRATSA

Diploma hau jasotzea lehenbiziko urratsa da Europa Saria eskuratzeko prozesuan. Europako Kontseiluak ematen duen sari nagusia da hori, 1949an sortu zenetik. Sari hau hiri bakar batek jasotzen du, europar proiektuan dituen konpromisoagatik eta inplikazioagatik eta Europaren balioak zabaltzeagatik.

Europa Saria gero ezagunagoa da, eta udalerri handiak nahiz txikiak inspiratu ditu. Herrialde askoren parte-hartzea dauka. Diploma hau eskuratuz, Bilbok urrats bat gehiago egin du hautagaitza horretan lehiatzeko. Hiriaren helburua da europar balioen defentsan lanean jarraitu ahal izatea. Horrela, aurrera egitea eta etorkizunean hiri kohesionatua izatea espero da, Europaren balioen eta garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriz.

EUROPAKO KONTSEILUA

Europako Kontseilua nazioarteko erakunde bat da. Haren helburu nagusia da giza eskubideak (batik bat eskubide zibil eta politikoak), demokrazia eta Zuzenbide Estatua defendatu, babestu eta sustatzea. Mota honetako erakunderik zaharrena da hau gure kontinentean, eta Europako 47 estatuak dira partaide, Bielorrusia izanik salbuespen bakarra.