Bilboko Udalak 523 eskaera jaso ditu terrazak handitzeko edo berriak ipintzeko

0
Fotografía: www.tkshed.com

Joan den maiatzaren 11n epea hasi zenetik (atzo arte, maiatzak 21, 12:00etan), Bilboko Udalak 523 eskabide jaso ditu guztira, dela terrazak handitzeko edo berriak ipintzeko. Zehazki, 77 eskaera erregistratu dira terraza berriak ipintzeko, eta 446 eskaera terrazak handitzeko.

Horien guztien artean, Espazio Publikoaren Zuzendaritzak dagoeneko aztertu eta sailkatu ditu 447 eskaera, jasotakoen % 85,5. Eta dagokion azterlana egin ostean, erabaki da 320 eskaerari baimena ematea, eta, aldiz, beste 127 eskaerari ezezkoa eman zaio. Baimenduta izango direnak, 240 espaloian dira (17 berriak eta 223 lehendik baimenduta; eta, 230, 4 metro baino gehiagoko espaloiei buruzkoak eta 10, 4 metro baino gutxiagoko espaloiei buruzkoak); eta, 80 galtzadan edo aparkaleku-bandan (58 berriak eta 22 lehendik baimenduta).

Bestalde, baimena ukatzeko funtsezko arrazoia da –ia kasu guztietan- espazio fisikorik eza edo seinaleztapen horizontalarekin bat etortzea, terraza bat jartzea edo handitzea bideraezina egiten baitu.

Barrutika, Abando (%38,83), Alde Zaharra (%18,44%) eta Deusto (%12,23) izan dira Udalari eskaera gehien egin dizkiotenak.

Baimen berriak, beraz, itxialdia arintzeko 2. fasea hastearekin hasiko dira eragiten.