Etorkinek ekonomiari egiten dioten ekarpena jaso dutena baino handiagoa da Ikuspegiren arabera

0

Ikuspegik, UPV/EHUko Immigrazioaren Euskal Behatokiak ‘Atzerritarrek EAEn BPGd-aren bidez egiten duten ekarpena. Hurbilketa gastuaren aldetik’ azterlanaren emaitzak aurkeztu ditu. Haren bidez, etorkinek 2018an, alegia COVID-19aren krisiaren aurreko aldian, BPGd-ari eginiko ekarpen ekonomikoaren eta gastuaren arteko erlazioa aztertu dute.

Ikuspegik Cultumetría – inpaktu ekonomikoaren neurketan eta gizarte-analisietan espezializatuta dagoen aholkularitzarekin elkarlanean prestatutako azterlanak jaso dituen datuen arabera ikusten da administrazio publikoek baliatutako diru-kopurua (714.912.000€) etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpen ekonomikoa (1.525.292.820€) baino baxuagoa dela. Hau da, 2018an atzerritarren kontsumoak sortu zuen dinamismo ekonomikoak 810.380.818€-ko inpaktu positiboa izan zuela. Bestalde, orokorrean 1.525.292.820€-tako kontsumoak BPGd-aren % 2,06a suposatzen du.

Txostenak hala zuzendu egiten du etorkinek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpena baino gehiago jasotzen dutelako uste faltsua. Galdera horri erantzutea izan da, zehazki, azterlanaren helburu nagusia. Azterlana Ikuspegik 2016an eginikoaren jarraipena da; bertan, immigrazioak krisi ekonomikoaren aldian eginiko zerga-ekarpena neurtu zen.

Txostenaren aurkezpenean, Arkaitz Fullaondo azterlanaren ikertzaile nagusiarekin eta Ikuspegiko kidearekin eta Alvaro Fierro Cultumetriako ikerketa-proiektuen arduradunarekin eta ikertzailearekin batera, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea eta Simón Peña UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoa izan dira.

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak nabarmendu du Ikuspegin prestatutako txosten berri horrek eskaintzen dituen datuek amaitu egiten dutela etorkin subsidiatuen eta laguntza publikoen mendekoen inguruan dauden estereotipo eta zurrumurruekin. “Jatorriz atzerritarrak diren euskal herritarrek gure autonomia-erkidegoan altxor publikotik jasotzen dutenaren ia ekarpen bikoitza egiten dute, eta aberastasunari egiten dioten ekarpena BPGd-aren % 2tik gorakoa da. Zifra horiek apurtu egiten dituzte subsidiatua eta altxor publikoaren mendekoa ez den kolektiboari buruzko estereotipoak”, esan du Amilibiak.

Bestalde, UPV/EHUko irakasleak, Arkaitz Fullaondok, honako hau esan du: “ikerketari ikuspuntu nabarmen kontserbatzailetik heldu diogu, eta, horretarako, administrazio publikoen gastuen datu ofizialekin baino ez dugu lan egin; sinesgarritasunaren eragozpena izan dezaketen beste datu batzuk baztertu ditugu, besteak beste, ezkutuko ekonomiaren analisia”.