Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Transferentzien Batzorde Mistoa egingo dute hiru gai eskualdatzeko

0

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien ingurukoak azaldu ditu. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogoratu duenez, atzo, beste aldebiko bilera bat izan zuen Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin. Atzokoa Covid-19aren krisia hasi zenetik lehen erakunde-topaketa izan da; izan ere, krisia dela eta, Gernikako Estatutua osatzeko premiazko eginkizunaren inguruko elkarrizketa atzeratu behar izan genuen.

Josu Erkorekak gogoratu duenez, “atzoko bileran, ekainean Transferentzien Batzorde Mistoari berriz ekitea erabaki genuen. Bilera presentziala izango da, Euskadi 3. fasera igaro bezain laster”.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadiri transferitzeko dagoeneko adostuta dauden hiru gaien eskualdatzeak gogoratu ditu:

  • Farmazia-produktuei buruzko legeria betearazteko funtzioak. Euskadi, besteak beste, osasun-produktuen eta giza erabilerarako medikamentuen publizitate-mezuen kontrolaz arduratuko da, bai eta fabrikatzaileen eta Euskadin dauden laborategien ikuskaritzaz eta farmakozaintzako eta medikamentuen kalitate-kontrolerako eginkizunez ere, besteak beste.
  • “Derrigorrezko Eskola Asegurua”ren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako ikasleen asegurua da, unibertsitateko eta unibertsitatetik kanpoko ikasleena.
  • Kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileen erretiro arruntaren aurretiko laguntzen kudeaketari atxikitako funtzio eta zerbitzuak.

Josu Erkorekak adierazi duenez, “itxita ditugu hiru transferentzia-dekretuen testu juridikoak eta Kupotik deskontatu beharreko kopuru ekonomikoa. 3 gaiak 7,5 milioi euroan baloratu ditugu; haietatik, Euskadik, urtero, Kupotik % 6,24 deskontatuko ditu”.

EUSKAL AUTOGOBERNUA 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramaileak azaldu duenez, Covid aurreko normaltasunari heldu dio Eusko Jaurlaritzak, baita autogobernuaren gaiari dagokionez ere eta adierazi duenez “hasteko, martxoan eten zen transferentzien egutegia eguneratuko dugu. Euskadirentzat oso garrantzitsua da eremu horretan erakunde-harremanen normaltasunera bueltatzea”.

Historian lehen aldiz Euskadiri transferitzeko dauden eskumen guztiak eskualdatzeko lan-plan bat dago, Gobernu Programan lehenetsitakoak barne:

  • Espetxe-sistema
  • Gizarte Segurantzako Sistemarekin zerikusia duten gai guztiak.