Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara aurkezteko epea ireki da

0

Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien XIII. edizioaren deialdia zabaldu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. 2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

Txillardegi – Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.

Lanak aurkezteko epemuga 2020ko irailaren 18a izango da.