XXXIX. Uda Ikastaroek bizi dugun egoera argitu nahi dute

0

Aurtengo edizioari begira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak hainbat agertoki aurreikusi eta neurri batzuk hartu ditu, ikastaroen garapena bermatzeko. Alde batetik, ikastaro formatu berriak sortu ditu eta hobetu egin da plataforma birtuala, edozein lekutatik konektatzeko; bestetik, osasun eta segurtasun neurri guztiak aurreikusi ditu, egoerak aukera eman bezain laster ikastaroak aurrez aurre egiteko.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen iritziz, Uda Ikastaroen edizio hau desafio handi bat izango da: “Bi zentzutan –baieztatu du–; alde batetik, ezohiko egoera batean egingo dugulako, proban jarriko duena egokitzeko gure gaitasuna; bestetik, betebehar akademiko bat delako pandemia global honi buruz gogoeta egitea, eta edizio honen programak horretarako konpromiso argia hartu du, modu serio eta kontsekuentean. Gainera, antolakuntza dinamiko eta malgu bat sortu dugu, pandemiaren bilakaeraren alternatiba guztietara egokitzeko, pertsonen segurtasuna hartuz beti lehentasun nagusi. Ikastaroekin zerikusia duten pertsona, erakunde eta enpresa guztien ahaleginari esker, Uda Ikastaroen aurtengo eskaintza aurreko edizioetako bezain edo are interesgarriagoa izango da”.

Bestalde, Rafael Pardo BBVA Fundazioko zuzendariak, duela 22 urtetik UPV/EHUko Uda Ikastaroen laguntzaile pribatu nagusia den entitateko zuzendariak, honako hau adierazi du: «Krisi globalaren testuinguruan profil aldakorrekoa eta zalantzazkoa, baina sistemikoa dena, sakonean eragiten duena ondasun preziatuenetik, osasunak, bizitza ekonomiko, sozial eta instituzionalaren alderdi ugariei garrantzi handiagoa ematen diena, inoiz baino garrantzitsuagoa da ezagutza fidagarria sortzeko eta zabaltzeko gaitasuna, unibertsitatearen, ikerketa-zentroen eta osasun-sistemaren sare osoaren malgutasuna, asmamena eta konpromisoa, Covid-19tik eratorritako erronka gainditzeko. UPV/EHUko Uda Ikastaroak, bikaintasun- eta profesionaltasun-erreferentzia direnak, gai izan dira beren edukien eskaintzaren zati esanguratsu bat denbora errekorrean birdiseinatzeko, eskaintzeko modu hibridoa, digitala eta presentziala, baita horien garapen-aldia ere, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioaren, komunitate zientifikoaren eta gure erakunde akademikoen bereizgarri den esparru publikoarekiko bokazio berritzailea eta konpromisoa agerian utziz.

Aurtengo edizioa ekainean hasiko da, zuzeneko online ikastaroekin. 2020rako programatutako ikastaroen zuzendariek eta hizlariek ahalegin handia egin dute bere garaian prestatu zituzten aurrez aurreko programak formatu berri hauetara egokitzeko. Beti bezala, ikastaroak eztabaidarako topaleku izango dira, gogoeta egiteko zintzo eta lasai proposatu diren ezin konta ahala gaien inguruan, aurten hiru esparru nagusitan kokatuko direnak: hezkuntza, zahartzea eta iraunkortasuna. Uda Ikastaroen zuzendariak, Itziar Alkortak, azpimarratu du: «Aurtengo Uda Ikastaroen edizioak bizi dugun une berezi honen gainean informazioa zuzenean eta egiaz jasotzeko aukera eskaintzen digu, adituen eskutik gure kezkak eta zalantzak partekatu ahal izango ditugularik. Bizi dugun informazio anabasa honen erdian, argiune lasai bat eskaini nahi dugu.»

Gainera, ziklo berezi bat eskainiko zaio COVID-19ari, pandemiaren gakoak eta normaltasun berriaren oinarriak aztertzeko. Hizlariek eta ikasleek Uda Ikastaroen plataforma berriaren eremu birtuala partekatuko dute, bideokonferentzia eta online partaidetza tresnez hornitutakoa. Ikastaro mota hau edizio osoan zehar egingo da, parte hartzeko aukera emateko hainbat arrazoirengatik beren bizilekuetatik mugitu ezin diren pertsonei.

Online eskaintza prestatzeko, laguntza eskatu zaie teknologia digitaletan adituak diren pertsonei, helburua baita informazio, eztabaida eta topaketa espazio bat eskaintzen jarraitzea, inoiz baino garrantzitsuagoa denean gizarte eragile guztien arteko elkarlan eraginkorra (hezkuntza, gizarte erakundeak, instituzioak, profesionalak eta oro har herritarrak), zientzian oinarrituta. Helburu hori betetzeko, eduki bereziak programatu dira irekian, herritar guztiei begira, pandemiaren gakoei buruzko informazioa eman eta haien inguruan eztabaidatzeko.

Udak aurrera egin ahala, aurrez aurreko ikastaroen ordua helduko da, halako moldez, non aurtengo programaren zatirik handiena irail eta urri amaiera artean egingo baita. Uda Ikastaroek bermatu egingo dute unean-unean osasun neurri guztiak betetzea.

Iraunkortasun Foroa irailean egingo da eta gaurkotasun handiko gaiak aztertuko ditu; besteak beste, pandemiari lotutakoak.

Aretoei dagokienez, areto berriak prestatu ditugu Uda Ikastaroen betiko egoitzez gain, segurtasun eta osasun neurri egokiak bermatzeko ikastaroetan parte hatuko duten lagun guztientzat. Gainera, aurten, aukera izango da aurrez aurreko ikastaro batzuk zuzenean online egiteko. Horri esker, parte hartzeko aukera izango dute COVID-19a dela eta etorri ezin diren edo ikastaroak online egin nahiago duten pertsonek.

Pandemiaren desafioei lotuta, ikasleen etengabeko prestakuntza eskaerari erantzuteko, Uda Ikastaroak Fundazioak bikoiztu egin du urtean zehar eskaintzen duen etengabeko online prestakuntza ikastaroen kopurua, eta 80 ikastaro baino gehiago eskainiko ditu formatu horretan.

Gaur, Uda Ikastaroen programa aurkeztu eta online matrikulazioa zabaltzen da, zeinak, kontuan izanik bizi dugun egoera, mantendu egingo baititu ikastaroaren egunera arte kolektibo jakin batzuentzako ohiko prezio murrizketak. Egoera dela eta, aldaketak egin ahal izango dira programazioan, pandemiaren bilakaeraren arabera. Ikastaro bakoitzari buruzko informazioan, metodologia eta formatua zehazten dira. Informazioa unean-unean eguneratu eta osatuko da, webgunean.