Arabako Foru Aldundiak neurriak malgutu ditu egoitzetan bizi diren, dementziak dituzten eta babes emozional handia behar duten adinekoek bisitatzeko

0

Astelehenean hasi zen deseskalatzearen 2 faserako neurri berriak ezarri ditu Arabako Foru Aldundiak. Neurri horiek Aldundiak osasun larrialdiaren hasieran ezarri zituenak malgutzen dituzte. Hasierako neurrien helburua zen kutsatzeak geldiaraztea eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileen bizitza eta osasuna zaintzea. Senideek Arabako egoitzetan bizi diren adineko pertsonak bisitatzeko aukera gehiago izatea izango da neurri berrietako bat.

Lehendakariak, maiatzaren 24ko dekretuaren bidez, 2 fasean Euskadiko Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko neurriak ezarri zituen, eta, besteak beste, xedatu zuen foru aldundiek ezarri behar dituztela gizarte zerbitzuen eta ekipamenduen arloan berriz jarduerari ekiteko egutegiak eta baldintzak.

Horiek horrela, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak baimena eman du gaurtik aurrera dementziak dituzten adinekoak egoitzetan bisitatzeko, baldin eta egoitzak horretarako egoki prestatuta badaude. Izan ere, pertsona horiek, beren egoera kognitiboa dela eta, ezin dute egungo egoera ulertu eta ezin dituzte telefonoa edo bideodeiak erabili beren senideekin harremanetan jartzeko. Horrez gain, arazo psikoemozionalen bat duten adinekoak ere bisitatu ahal izango dituzte senideek, baldin eta egoitzetako profesionalek uste badute gizarte isolamendua eteteak adineko horien ongizatea hobetu dezakeela.

Dena dela, egoitzan izango dira bisitak aurretiko hitzordua eskatuta eta bisitan doan pertsonak gaixotasun sintomarik ez badu. Eta segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira. Ezingo du egoitzan bizi den pertsonarekin kontaktu fisikorik izan, eta 2 metroko segurtasun tartea utzi beharko du. Bisitak horretarako prestatutako lekuan izango dira; gehienez ere ordubeteko iraupena izango dute, eta bisitan doan pertsona beti berbera izatea gomendatzen da.

Deseskalatzearen 2 fasean sartzearekin batera, adinekoen egoitzetan egoiliar berriak sartzeko ohiko dinamikara itzultzea ere espero da