Bizkaian turismoaren garapenari laguntzeko dirulaguntzen programara 700.000 euro bideratu ditu Aldundiak

0
Bizkaiko turismoaren sektoreak proiektuak aurkez ditzake astelehen honetatik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiak helmuga turistikoaren garapenerako 700.000 eurorekin zuzkitutako dirulaguntzen programan. Dekretu hau Bizkaia aurrera! ekonomia suspertzeko premiazko planean jasotako neurriei gehitzen zaie. Neurri horiekin, Ekonomia Sustatzeko Sailak modu erabakigarrian lagundu nahi die lurraldearen industria turistikoa osatzen duten eragileei.

Turismoaren sektoreko enpresa eta erakundeek aukera izango dute finantzaketarako hainbat baliabide lortzeko, hala nola, enpresa txikientzako eta autonomoentzako mikrokredituak, zuzeneko laguntzak eta, dekretu honek bezala, Bizkaiak helmuga turistiko moduan eskaintzen dituen zerbitzuak eta eskaintza hobetzeko proiektuak babesten dituzten neurri espezifikoak. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak kontsumoa eta jarduera suspertzeko neurriekin lotutako konpromisoa mantentzen du, bonoen bidez eta barne turismoko kanpaina baten bidez, zeinetan hiritarrak Bizkaian aisiaz gozatzera bultzatu eta animatu nahi dituen osasunaren arloko gomendioek eta mugimenduen murrizketek uzten duten neurrian.

Helmuga turistikoaren garapena sustatzeko dirulaguntzen programa helmuga turistikoaren kudeaketa integratuaren beste adibide bat da, eta instituzio eta erakunde publikoen eta arlo pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza da. Dekretuak, Covid-19aren ondorioz sortutako egoerara egokitutakoak, lurraldearen baliabide turistikoak ezagutaraztera bideratutako ekimen eta proiektuak babesten ditu, zeintzuetan udalerri eta eskualdeetako erakargarri eta esperientziak koronabirusaren ondoriozko baldintzetara egokituko diren, eta, horrez gain, turismo fluxua eremu desberdinetatik mobilizatzea, helmuga digitalizatzea, turismo eskaintza zabaltzea eta txangoak egitea sustatzea helburu duten ekimen eta proiektuetarako laguntzak jasotzen ditu, baita sektoreko enpresak babesteko eta turismo teknikariei eta informatzaileei Covid-19arekin lotutako neurriei buruzko prestakuntza ematekoak ere.

Programa honi esker balioa ematen zaio udalek eta turismoaren garapenerako eskualde entitateek egindako lanari, izan ere, erakunde horiek egunero laguntzen dute turismo bulegoen, landetxeen, turismo aktiboko enpresen, turismo gidarien, hotelen eta jatetxeen kudeaketan eta sustapenean, produktu berriak sortuz, ekitaldi berriak sustatuz eta bisitariak lurraldearen barruan interes turistikoa duten lekuetara hurbilduz.