Bizkaiko museoen erakusketa birtualean ia 18.000 bisita bost egunetan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko 34 museorekin batera, wwww.museoeneguna.eus erakusketa birtuala zabaldu zuen maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunean, eta ia 18.000 bisita izan ditu bost egunetan.

Plataforma horren bidez, klik bakarra eginez, zehatz-mehatz ezagutu ahal da museo bakoitzeko pieza bana; guztira, hogeita hamar artelan baino gehiago ikus ditzakete herritarrek.

Ekimen honen bidez, museo guztiak sustatu nahi ditu Foru Erakundeak, bakoitzaren berezitasunak eta tamaina alde batera utzita. Hala, Aldundiak ikusgai jarri du lurraldeko museoen aberastasuna.

www.museoeneguna.eus plataformaren bidez, bisitariak piezen ibilbide birtualak, bideoak eta argazkiak ikus ditzake. Pieza bakoitzaren izenari buruzko oinarrizko informazioa ematen da, eta azalpen-testu labur bat dago.

Aukera paregabea da modu birtualean bisitatzeko lurraldeko museoen altxorrak eta, haien bidez, gure historiaren, tradizioaren, ohituren, aisialdiaren, kulturaren, sinesmenen, ekonomiaren, artearen, kirolaren eta abarren alderdiak ezagutzeko.

Hilaren amaierara arte bisitatu ahal izango da erakusketa.