Emakundek mahai-inguru bat antolatu du Covid-19 eta osasunaren inguruan

0
PRUEBA

Bihar, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Emakundek online mahai-inguru bat antolatu du «Garbira pasatzeko oharrak» zikloaren barruan. Ziklo hau hausnarketak eta eztabaidak sortzeko, ekarpenak jasotzeko eta etorkizunerako proposamenak sortzeko sortu du Emakundek. Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna 1987tik ospatzen da, gogorarazteko osasunerako eskubidea giza eskubide bat dela, eta emakumeek inolako murrizketarik edo bazterketarik gabe eskuratu behar dutela.

Bertan, Osasunaren eta Aldaketa Demografikoaren Baldintzatzaile Sozialak Ikertzeko Taldeko (OPIK) Amaia Bacigalupe De la Herak parte hartuko du, zeinak osasunaren mugatzaile sozialei eta pandemia garaiko genero-desberdintasunei buruzko ikuspegian sakonduko duen; berarekin batera, María del Mar García Calventek, Osasun Publikoko Andaluziako Eskolako irakasleak, zaintzan eta osasunean adituak; eta Marga Sáenz Herrero psikologoak, generoak osasun mentalean dituen inpaktuetan sakonduko duenak. Emakunderen webguneko espazio honetatik ikusi ahal izango da.

Emakumeen Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogoratu du emakumeak eta gizonak desberdinak garela biologikoki, eta derrigorrezkoa dela hori kontuan hartzea askotan gaixotzeko modu diferenteak ditugulako; baina, horretaz gainera, kontuan izan behar dugula “gizartean eraiki diren desberdintasunek ere ez dutela berdin eragiten gure bizitzetan, eta, ondorioz, gure osasunean ere ez”.

Landaidaren hitzetan, “emakume gehienen osasuna determinatzaile sozioekonomiko eta lan-arloko determinatzaile batzuen mende dago; esate baterako: emakumeek karga handiagoa hartzen dute pertsonak zaintzeko eta etxeko lanak egiteko zereginetan, emakumea buru den guraso bakarreko familien ehuneko handiagoa da, errenta txikiagoak dituzte orokorrean, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketaren maila handiagoak…”. Faktore horiek kontuan hartzea oso garrantzitsua da osasun-kontuetan esku hartzen denean, Emakunderen iritziz, desberdintasun horiek zuzenean eragiten baitute emakumeen osasunean.

Honekin batera, Landaidaren iritziz, “ez dugu ahaztu behar gure gizartean emakumeek funtsezko zeregina betetzen dutela osasuna zaintzeari dagokionez; izan ere, nagusiki emakumeak arduratzen dira familiako eta inguruko jendearen osasuna zaintzeaz, eta egoera hori kaltegarri izan daiteke emakumearen beraren osasunerako, bere buruaren ongizatea alde batera uzten baitu beste pertsona batzuk zaintzeko”.  Era berean, ez da ahaztu behar emakumeak osasun-langileen% 70 direla mundu osoan.