Ramiro Gonzalezek Arabako gizartearen “ekintza bateratuaren” alde egin du

0

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak hirugarren sektore sozialeko ordezkariekin partekatu ditu COVID-19aren pandemiak gizarte zerbitzuetan duen eraginari eta etorkizunerako aurreikuspenei buruz egindako hausnarketak. “Gogoeta egiteko unea da, etor daitekeena aurreikustekoa, prestatuago egoteko; epe ertain eta luzera pentsatzekoa; eta etorkizuna egunez egun eraikitzekoa, jakinik konpondu beharreko erronka handiak eta asko datozela”. Erronka horiek “ekintza kolektibo eta bateratua behar dute gizarte gisa, helbururik laudagarriena lortzeari begira, inor ez dadila atzean geratu, eta pertsonak, eta Arabako gizartea osatzen duten pertsona guztiak, osasuntsu, seguru eta duintasunez bizi daitezen”.

Ildo horretan, Foru Aldundiak 2008ko krisi ekonomikoak eragindako desberdintasun ondorioak arintzeko egindako lanaren ondoren, ahaleginak areagotzeko garaia dela gaineratu du. “Araba bezalako lurralde batean, hain jatorri desberdineko pertsonak izanik, eta kohesioa funtsezko ezaugarria izanik, ezin dugu onartu krisi honek pertsonen arteko desberdintasun arrakala handia ekartzea”.

Hala adierazi du Arabako Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluko ordezkariekin bide telematikoz egin duen topaketan, pandemiaren krisi betean lurraldeko ehun sozioekonomiko eta kulturalarekin egin ohi duen bilera sortaren barruan.

Arabako Foru Aldundiak Arabako gizarte zerbitzuen arloan parte hartzen duten gizarte eragileen aholkularitza eta partaidetzarako duen kide anitzeko organoa da lurralde kontseilua. Arabako erakundeez gain, gizarte zerbitzuen erabiltzaileen erakundeen, besteak beste, hainbat elkartek eta lurralde historikoko hainbat erakunde profesionalen ordezkariek ere hartzen dute parte.