28. Promozioko ikasleek ekin diote berriz formakuntza-ikastaroari Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

0
PRUEBA

Ertzaintzaren 28. Promozioko ikasleak Polizia eta Larrialdietako Akademiako geletara itzuli dira koronabirusaren hedapena geldiarazteko martxoan etenda geratu zen formakuntza-ikastaroarekin jarraitzeko. Une horretatik aurrera, ikasleak Segurtasuneko sailburuaren esanetara jarri ziren praktika-aldia Ertzaintzaren unitate ezberdinetan egiteko eta pandemiaren aurkako borrokan laguntzeko.

Hasiera batean, 312 ikasle hasiko dira zortziko taldetan, eta formakuntza-aldia amaitu ahala, gainerako ikasleak joango dira sartzen. Uztailaren amaieran ebaluazio osoa egingo da, eta ertzain-etxeetan eta unitateetan azken praktikak egiteko destinoak esleituko zaizkie, lortutako kalifikazioen araberako aukera-hurrenkeraren sistemari jarraituz.

Arkauteko geletara itzultzen lehenengoak udaltzain-laguntzaileen poltsako kideak izan ziren, eta modu presentzialean eta 80 pertsonako hiru txandatan hasi ziren maiatzaren 18an. Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak joan den larunbatean egin zien online prestakuntzaren ebaluazio-azterketa poltsa osatuko duten Udaltzaingoko bitarteko agenteei, eta gainditu ondoren Euskadiko udalen aginduetara jarriko dira.

Azterketa, uztailaren 16an, ostegunean BECen

Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak 810 plaza betetzeko Ertzaintzaren 29. Promozioaren eta Udaltzaingoaren hautaketa-prozesu bateratuari berriz ekiteko ebazpena sinatu du. Prozesuko lehenengo probak martxoaren 14an ziren egitekoak, baina bertan behera geratu ziren koronabirusaren hedapena geldiarazteko.

Osasun-larrialdia gainditu ondoren, lehenengo hiru probak uztailaren 16an, ostegunean, egingo dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren, eta osasun-zerbitzuak urruntze sozialari, segurtasunari eta higieneari buruz emandako neurriak betez egingo dira, ia 6.000 pertsona baitaude izena emandako deialdi horretarako.