Etxebizitzak Donostian energia-kontsumo ia nulua lortzeko plana

0

Etxebizitza Sailak asmo handiko plan bat jarri du martxan, bere alokairuko etxebizitzarako egoitza-parke publikoaren energia-efizientzia hobetzeko, eta, epe ertainera, dauden eraikinen energia-kontsumo ia nulua lortzeko. Zero Planak jarduketei ekingo die 136 eraikinetan; eraikin horiek 7.000 etxebizitza inguru dituzte, Euskadi osoan, askotariko tipologiakoak eta antzinatasunekoak. Horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Alokairuko Sozietate Publikoak kudeatzen ditu.

Ekimenak 193 milioi euroko aurrekontu eutsia behar du, 30 urtez, eta helburu nagusi du parke eraiki publikoko energia-kontsumoa murriztea eta, horretarako, dauden higiezinak nZEB (nearly Zero Energy Building/Energia Kontsumo ia Nuluko Eraikinak) estandarreko eraikin bilakatzea, eskari energetikoaren murrizketaren, energia berriztagarrien erabilera areagotzearen eta atmosferara isurtzen den karbono dioxidoa gutxitzearen bidez. Helburu horri beste balio batzuk batzen zaizkio, besteak beste, erabiltzaileen konfort termikoko baldintzen hobekuntza eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzen hobekuntza -bereziki irisgarritasunarena- eta pobrezia energetikoa arintzea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila buru duen taldeak alokairuko parke publikoaren analisi sakona eta ezaugarri-bilketa egin du, eta eraikin bakoitzaren beharrak zehaztu ditu, bai eta kasu bakoitzean egin beharreko jarduketak ere. Taldeko partaide dira enpresak, klusterrak eta zientzia- eta teknologia-eragileak, besteak beste Acede Clúster del Hogar, Eraikune Euskadiko eraikuntzaren Klusterra, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Sailaren beraren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategia eta zenbait enpresa teknologiko, esaterako Wintel, Efiner Servicios Energéticos, Idom eta Tecnalia teknologia-zentroa. Egin beharreko jarduketen artean, honako hauek zehaztu ditu: inguratzailea hobetzea, galdara efizienteagoak, energia berriztagarriak (eguzkikoa-termikoa, fotovoltaikoa) sortzeko sistemak sartzea eta abar, parke publikoak A energia-kalifikazioa izateko eta, gutxienez, % 70eko berriztagarriekin.

Modu berean, parkea digitalizatzeko erronka aintzat hartuta, aurretik lan batzuk egin behar izan dira, datuak aktiboen kudeaketarako plataforma informatikoekin integratzen direla ziurtatzeko eta, hala, kudeaketa zehatz, modu fidagarrian eta koherentean egiteko bide emateko eta alokairurako BIM (Building Information Modeling) estandar berria eta zehatza zehazteko, eremu honetan ezezaguna eta aitzindaria dena.

Alokairuko etxebizitza publikoen parkearen energia-ebaluazioa ereduzko 11 eraikinen energia-auditoretza batean oinarritu da; eraikin horiek energia-efizientziaren mailen (altua A-B, ertaina C-D eta baxua E-F-G), berokuntza-instalazio moten eta ACS (zentralizatuak edo indibidualak) eta klimatologien arabera sailkatu dira. Haietan, hainbat kontu ebaluatu dira, besteak beste, benetako energia-kontsumoak fakturetan, itxiturak eta instalazioak, energia-efizientziaren ziurtagiriak, osasungarritasuna eta eraikuntza-kalitatea eta hobekuntza-neurrien ahalmenaren kalkulua.

Energia-birgaitzearen beharrei buruz egindako diagnostikoak dakar parkeko etxebizitzen % 67k erdi mailako esku-hartzea behar duela, eta % 15ek esku-hartze altua; % 2k baino ez du behar esku-hartze integrala (irisgarritasuna barne).

Analisi guztiak egin ondoren eta lehen fase hori gainditu ostean, Sailak Amurrio, Ortuella eta Donostia udalerrietan dauden lehen hiru eraikinen obrak exekutatuko ditu (Donostian, birgaitzea hasi da, dagoeneko). Horretarako 4 milioi euroko aurrekontua esleitu da.