Gobernu Kontseiluak baimena eman du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta BC3, Basque Centre For Climate Change – Klima Aldaketa Ikergairen arteko hitzarmena sinatzeko; haren bidez, BC3k 430.000 urteko ekarpena jasoko du urtean, datozen lau urteotan, alegia, 1,7 milioi euro guztira, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta lurra haietara egokitzeko jarduketak gauzatzeko.
BC3ren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioak sei jardun-arlo zehatz aurreikusten ditu:
- Klimaren oinarriak
BC3ren indarguneetako bat da kriosferan, alegia, ura egoera solidoan dagoen lurralde-gainazalaren aldeetan, klima-aldaketa sustatzen duten prozesu fisikoen inguruko ezagutza sortzea. Horrek hura neurtzeko ekipamendu zientifiko teknikoaren garapena ere barne hartzen du. Hori horrela, BC3k IZOTZALAB sortu du, Estatuan laborategi paregabea, eta hark ekarpen esanguratsua egingo dio ezagutza horren aurrerapenari; hala, eremu horretako adituak erakarriko ditu, Pirinioetako sistemei arreta berezia eskainiz, Euskadiko alpinisten espedizioekin lankidetzan.
- Karbono gutxiko gizarte bilakatzea
Herrialde gehienek aurkeztu dituzte, dagoeneko, Parisko Akordioarekiko konpromisoak (Herrialdeka Zehaztutako Ekarpenak direlakoak); hartan, arintze-eremuan abiarazi nahi dituzten ekintzak deskribatzen dira. Horretarako, erabakiak hartzeko arduradunek beren politikak eskuragarri dagoen zientzia-informazio onena oinarri hartuta diseinatu eta ebaluatu behar dituzte. BC3k ereduak, tresnak eta hurbilketak eskainiko ditu, politika energetikoen eta sektorial orokorren diseinua sendotzeko, trantsizio sektorialen ebaluazioak egiteko eragile guztiak inplikatuta, eta karbono gutxiko politiken eta garapen jasangarriko helburuen arteko sinergiak aztertzeko.
- Lurreko ekosistemak
Honako hauek aztertuko dira:
- Klima-aldaketaren aurrean erresilienteak diren lurreko ekosistemak berrezartzeko gakoak.
- Klima-aldaketak ekosistemetan dituen eraginak, batik bat basoetakoak eta lurretakoak, goiz diagnostikatzeko sistemak garatzea.
- Kudeaketa-sistemak eta ustiapen-ereduak.
- Nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreek egiten dituzten emisioen eta lurzoruaren erabileren estimazioak hobetzea berotegi-efektuko gasen inbentarioetan.
- Egokitzapen- eta arintze-politikak aplikatzeko beharrezkoak diren prozesu parte-hartzaileak garatzea.
- Klima-aldaketara egokitzeko neurriak
Ikerketa-ildo honetan, lau ardatz ikasiko dira:
- Egokitzapenaren ekonomia, egokitzapen-politiken analisia, klima-arriskuaren balioespena eta arrisku onargarria.
- Egokitzapenaren eta klimarekiko erresilientziaren bilakaeraren neurria uraren zikloan, lurraren, azpiegituren eta hirien erabileran.
- Bero-boladen ondorioak eta airearen kalitatea giza osasunean, alerta-sistemen eta -iragarpenen hobekuntza, haren inpaktu ekonomikoen balioespena eta haiek arintzeko neurrien garapena.
- Itsasoaren mailaren igoerak eta uholdeek dakartzaten eraginak, bereziki muturreko gertakarietan.
- Giza eta natur sistemen eredu integratuak
Adierazle dinamikoen, irizpide anitzeko sistemen eta bistaratze geoespazialaren garapenean lan egingo da, eta, horretarako, teknologia digitalak, adimen artifiziala eta prozesu konplexuen modelizazioa baliatuko dira, sistema sozioekologikoetan jasangarritasuna sustatuko duten erabakiak hartzeko.
- Zabalkundea eta gaikuntza
Klima-aldaketaren alderdiei buruzko ezagutza zabaltzeko ekintzak, mintegi, ikastaro eta jardunaldien bidez, bai eta klima-aldaketaren gizarte-pertzepzioaren ereduen garapena ere.