Mila eta seiehun landare konfiskatu dizkiote kalamu-elkarte bati Zarautzen

0

Ertzainek marihuana-plantazio bat desegin zuten joan den ostiralean, hilaren 29an, Zarautzen. Plantazioa herrigunean elkarri erantsita dauden bi lonjatan zegoen. Polizia-operazioan miatu ziren lokalak kalamu-elkarte batenak dira, eta elkartearen bi ordezkariei osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzi diete.

Polizia-jarduera joan den asteazkenean hasi zen, Ertzaintzaren patruila batek gizon bat ikusi zuenean kalamu-elkarte baten pabiloiaren atzeko aldetik irteten. Gizonezkoa auto batean kaxa bat sartzen ikusi zuten agenteek, eta identifikatu ondoren egiaztatu zuten kaxan 46 marihuana-landare zeudela. Pabiloietan droga-trafikoarekin zerikusia duen delituren bat egiten ari zitezkeela susmatuta, Urola-kostako Ertzain-etxeko ikerketa-taldea elkartearen arduradunekin harremanetan jarri zen pabiloietan sartu eta miaketa egiteko. Horrela, agenteak ostiralean sartu ziren lokaletan bi arduradunak aurrean zirela, eta hazkunde-fase ezberdinetan zeuden 1.600 landare aurkitu zituzten droga indoor hazteko beharrezko azpiegitura guztiak zituzten bi lonjetan. Horrez gainera, kukulu prentsatuak zituzten kaxak, material begetal berdea zuten poltsak eta marihuana-aldaxkak zituzten kaxak ere aurkitu zituzten.

Horren aurrean, agenteek osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzi zieten elkartearen arduradunei.