Eusko Jaurlaritzaren gizarte-babeseko eredua nazioartean aintzatetsi dute

0

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-babeseko ereduak Eskualdeetako Jardunbide Egokien IV. Saria jaso du; sari horiek urtero ematen ditu Eskualde Batuen Erakundeak –ORU Fogar–. Izen handiko saria da; haren bidez, urtero, kudeaketa publikoaren eremuan emaitza nabarmenak ekarri dituzten eta eskualdeetako beste gobernu batzuek eredutzat har ditzaketen bost jardunbide egoki aintzatesten dira.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak, Euskadin, pobreziari aurre egiteko diru-sarrerak bermatzeko errenta sustatzeko egin duen ahalegina aitortu du sariaren epaimahaiak. Aintzatespen horri esker, Eusko Jaurlaritza sariaren deialdietan jardunbide egokiengatiko sari gehien jaso dituen gobernua da.

“Gure helburua da diru-sarrerak bermatzeko errenta ezarrita ditugun maila eta zenbatekoekin mantentzea”, esan du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Onda Vascan egin dioten elkarrizketan. Beatriz Artolazabali bizitzeko gutxieneko diru-sarrera abian jarri izanari eta hura DSBEarekin ezartzeari buruz galdetu diote, eta honako hau erantzun du: “garrantzitsuena jendea ez zoratzea zen, eta arretarako leihatila bakarra bermatzea».

Elkarrizketan, Beatriz Artolazabalek nabarmendu du Lanbide nolako lan garrantzitsua ari den egiten pandemian. ”Are gehiago –esan du–, bidean den krisi ekonomikoaren ondorioak dagoeneko antzematen hasi garenean”. Hala, atzo langabeziaren inguruan ezagutu genituen datuak aintzat hartuta, Artolazabalek nabarmendu du ez dela kontsolamendu bat maiatzak apirilak baino portaera pixka bat hobea eduki izana. “Zuhurtasunez jardun behar dugu. Gure helburua enplegua aktibatzea da. Ikusiko dugu ekainak zer dakarren eta deskonfinamenduaren 3. fasearen eragina zein den”, esan du, amaitzeko.