Bizkaiko Foru Aldundiak larre horiek erabiltzeko baimenik ez zuten 5 jaberen 6 abelburu kendu ditu gaur goizean Zugaztietan; larre horiek abeltzainen elkarte bati eman dizkio, aprobetxatzeko. Azienda kentze horrekin, foru erakundeak ingurune horretako larreen erabilera berrantolatzeko eta arautzeko emandako foru aginduak betetzen direla zaintzen du, abeltzainen elkarteei erabilera hori emanez, abeltzaintzaren aprobetxamendua eta ingurumen-balioen kontserbazioa eta basoaren aisialdiko eta gizarteko erabilera bateragarri egiteko helburuarekin.
Zehazki, 5 zaldi eta asto bat kendu dira jarduketa honetan, zeinean bost basozain, Ertzaintzaren bi patruila eta Bizkaiko Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko langileak aritu baitira. Animaliak identifikatu ondoren, harremanetan jarri dira, telefonoz, jabe guztiekin, abereen bila joan zitezen, eremu horretatik kentzeko, ez baitzeukaten baimenik han bazkatzen izateko. Animalien bost titularretatik, bakar bat ere ez da joan animalien bila. Astoaren jabearen kasuan, haren bi senide bertaratu dira abisua jaso ondoren, baina ez dute animaliaz arduratu nahi izan; beraz, astoa leku horretatik kentzeko egintzaren akta eman zaie eta, gero, Aldundiaren instalazioetara eraman da, gainerako animaliekin batera.
Jarduketa horren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak indarreko araudia betetzen dela bermatu nahi du eta, era berean, larre horiek erabiltzeko baimena duten elkarteetako abeltzainen eskubideak babestu nahi ditu; izan ere, pertsona horiek mantentze- eta inbertsio-lanak egiten dituzte larre horiek hobetzeko, eta haien jarduera kaltetu egiten da baimenik gabeko hirugarrenek esleituta dituzten larreak baliatzen dituztenean.
Abeltzainen elkarteei larreak ematea azken urteetan egin den lanaren emaitza da. Lan horren helburua eskuragarri dauden larreen aprobetxamendua hobetzea izan da, baliabideak hobeto erabiliz eta, era berean, erabilera horrek zenbait alderditan eragin ditzakeen ondorio negatiboak murrizteko, hala nola ganaduak bide-segurtasunean, atsedenlekuetako erabiltzaileengan edo alde honetan behin eta berriz errepikatzen diren baso-suteen arazoetan.
Abeltzaintza-jarduera garatzen duten pertsona horiekin eta udalen inplikazioarekin batera egindako lan horren ondorioz, jarduteko konpromisoak ezarri dira, eta udal-eremu bakoitzean abeltzaintza-elkarteak sortzea sustatu da. Horrez gain, tokian bertan hasi diren eta egiten ari diren zenbait jarduketa definitu dira, hala nola larreak hobetzeko lanak (itxiturak, sastrakak kentzea, ur-puntuak hobetzea, babesguneak berriz landatzea eta errepideetako hesiak…). Halaber, akordioak sinatu dira abeltzaintza-elkarte horientzat, ganaduak ingurunean bide-segurtasuneko arazorik sortu gabe bazkatu ditzakeen esparru itxiak aprobetxatzeko.
Era berean, eremu horretako larreetan nahitaezko neguko atsedenaldia ezarri da urtarrilaren 1etik martxoaren 15era, atsedenaldi hori betetzeko zailtasunak dituzten abeltzainei beste esparru batzuk eskainiz atsedenaldi hori errazago bete dezaten.
Arautze-sistema horren onuradun diren elkarteetako kide izatea librea da eta, beraz, hala nahi duen edozein abeltzain sar daiteke elkarte horietan eta, beraz, larreak arautzeko ezarritako emakiden onuradunetako bat izatera pasa daiteke.