188.191 biztanlerekin amaitu zuen Donostiak 2019a, hau da, iaz baino %0,45 gehiago (2018an 187.418 izan ziren), eta lehen aldiz 188.000 biztanle baino gehiago ditu. Hazkundea azken 10 urteetako handiena izan da.
2019ko abenduaren 31ko erroldaren datuek adierazten dute biztanleen hazkundeaz gain, batez besteko adina ere handitu dela, eta 2018an batez besteko adina 45,87 urtetakoa bazen, 2019an 46,07 urtetakoa da (2000.urtean 42koa zen eta 2010ean 44koa). 55 eta 59 adin tartea da donostiar kopuru gehien biltzen dituena (14.425).
Erdialdea eta Gros auzoak dira batez besteko adin handiena duten auzoak (49 urte), eta aldiz, Aiete eta Ibaeta dira batez besteko adin txikiena dutenak (42 urte).
Era berean, biztanleen %52,8 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Eta zehatzago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,6 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen %67,8 emakumeak dira.