Donostiako Udalaren emisioen urteko inbentarioaren ondorioetan jasotzen denez, guztira 850 kilotonelada CO2 sortu ziren 2018an hiriko eguneroko jardueraren ondorioz, industriak sortutako berotegi-efektuko gasen emisioak kontuan hartu gabe.
Enrique Ramos Ekologia zinegotziak adierazi duenez, «datu horiekin esan daiteke Donostiako herritar bakoitzak 4,6 tona CO2 isuri zituela atmosferara. Erregistratutako isurketen erdia baino gehiago, zehazki %56,9, garraioari dagozkio, eta horren atzetik datoz zerbitzuen sektorea (%17,9), bizitegi-sektorea (%17,4) eta hondakinak (%7,3)»
2017. urteari dagokionez, isurketak %0,7 murriztu dira. «Berez albiste ona da, baina badu alde txarra, murrizketa hori 2017an izan zen %6ko igoera konpentsatzetik urrun baitago, eta 2020an isurketak modu linealean %20 jaisteko behar den murrizketaren erdia da, 2007arekin alderatuta.»
Alderdi positibo bat da garraioaren isurketak egonkortu egin direla 2013 eta 2017 artean etengabeko hazkundeak igaro ondoren.