Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako liburutegiak ateak ireki ditu

0

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako liburutegiak berriz ateak ireki ditu aste honetan.

Zerbitzuak aldez aurretik hitzartu beharko dira, https://labur.eus/CZ5B8 estekan formularioa beteaz, 943297830 telefonora deituz edo info-liburutegia@donostiaeskola.eus-era posta elektronikoa idatziz.

Eskolak beharrezko higiene- eta segurtasun-neurriak areagotu ditu. Erabilera bakoitzaren ondoren, erabilitako lekua, aparatuak eta osagarriak garbituko dira. Edukiera heren batera mugatuko da eta langileek eskularruak ere erabiliko dituzte.

Liburutegian derrigorrezkoa da maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantendu beharko da. Mendeko pertsona ez bada, instalazioetara banaka joateko eskatzen da, eta 14 urtetik beherakoak beti heldu batekin. Era berean, erabiltzaileei dokumentuak eramateko beren poltsak ekartzea iradokitzen zaie.

Sarrera librea mugatuko da, liburutegiko langileak arduratuko dira apalategietako dokumentuez. Aldez aurretik zer dokumentu eraman nahi dituen dakien erabiltzaileak eskabidean adierazi ahal izango du. Bestela, liburutegiko langileek eskaerara hurbiltzen diren dokumentuak aukeratuko dituzte.

Honako zerbitzu hauek emango dira: dokumentuak maileguan hartu eta itzultzea (entregatzeko azken eguna ekainaren 15a izango da), bibliografiari eta liburutegiari buruzko informazioa ematea, aretoan kontsultak egitea (irakurtzea, entzutea, klabinoba), ordenagailuak eta online zerbitzuak erabiltzea.