URAk amaitu ditu Iñurritzako errekastoaren 260 metrotan ingurumena lehengoratzeko egin diren obrak. Obra horiekin, garai bateko Iritako paduraren zati handi bat berreskuratu da, eta, aldi berean, hiri-ingurunean ur-goraldiak eta horiek izan ditzaketen eraginak arintzen lagundu du: emari handienei hedatzeko eremu bat emanez, modu seguruan.
Alde batetik, hormigoizko horma bertikal bat kendu da eskuineko ertzan, eta haren ordez ezponda etzan bat jarri da. Obra horretarako, lehenik eta behin, 10.000 m3 lur eta gainerako eraispen hondar inguru hondeatu dira (1.000 kamioiren baliokidea); ondoren, ezponda egokitu behar izan da, zuhaixkak landatuz, hala nola, Elorri zuria (Crataegus monogyna), Zuhandorra (Cornus sanguinea), Sahats Hauskara (Salix atrocinerea) eta Milazka (Tamarix gallica).
Bestalde, hezegune zabala sortu da garai batean padura naturala zegoen lur artifizializatuetan. Marearteko eremu sentikorra denez, bioingeniaritzako teknikak aplikatu dira ingurunearen forma naturala eta bertako landaredia berreskuratzeko. Zehazki, guztira, Lizar arruntaren (Fraxinus excelsior), Haltzaren (Alnus glutinosa), Astigarraren (Acer campestre) eta Gurbitzaren (Arbutus unedo) 320 ale landatu dira.
Era berean, inguruneko marearteko portaera berreskuratu da, marearen joan etorriari, marea altuaren eta baxuaren arteko dantzak hura iragazkortzea eta egungo lezkadia handitzen laguntzea ahalbidetuz.
Proiektua gauzatzeko lanak aprobetxatuz, eremuan dagoen landaredi inbaditzailea kentzeari ekin zaio, hala nola banbua.
Zarauzko Olaá eta Iñurritza errekak uholdeetatik babesteko eta ingurumena hobetzeko proiektuaren esparruan egindako lana
Obra horiek Zarauzko uholdeetatik babesteko eta ingurumena hobetzeko proiektuaren zati dira. Proiektu horren esparruan, Olaá errekaren 350 metroko zati batean ere jardun zen, autobidearen hegoaldean.
Jarduketa horri esker, 350 metroko estaldura kendu ahal izan zen, eta aire zabaleko ibilbidea eman zitzaion errekastoari, eta, aurrerantzean, 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldiei eutsiko die. Jarduketari esker, 50.000 m3 lur eta arroka hondeatu eta kendu behar izan ziren, hau da, 5.000 kamioi. Ibilguaren zabalera berria zela eta, bi zubi berri eraiki ziren.