Euskadiko hogei gizarte-erakundek konfinamenduan babeslekuak erabili dituzten mila etxegabeei ematen diete arreta

0

Euskadiko hogei gizarte-erakundetako ehun profesionalek konfinamenduan hiru euskal hiriburuetan ostatu hartzeko gaitu diren babeslekuak erabili dituzten mila etxegabeei ematen diete arreta. Babesleku horiek konfinamenduaren ondorioz kiroldegi, pilotakeku eta beste instalazio batzuetan ezarri diren baliabideak dira. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako ‘Lehen Urratsa’ programari esker egingo den segimendu-lan garrantzitsua; bi milioi euroko zuzkidura du.

Gaur goizean, ‘Lehen Urratsa’ programan lankidetzan jardungo duen ordezkaritza batek Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari azaldu dio nola garatuko duten laguntza-lan hori; lan horren helburua da Bilboko, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako babeslekuak erabili dituzten etxegabeei ostatu-aukerak eskaintzea, laguntzarekin eta gizarte-integraziorako ibilbideekin.

Topaketan David Tellería Peñascal Kooperatibako gerentea eta Bizitegi, Agintzari, Erain sozietate kooperatiba, Cáritas eta Ellacuria fundazioko ordezkariak izan dira. Elkarte horien lanaz gainera, ‘Lehen Urratsa’ programaren bidez Gurutze Gorriak (Araba), Zabalduz Kooperatiba Elkarteak eta Arrats elkarteak lan egingo dute.

Horiez gainera, Etorkintza eta Gizakia fundazioetako ordezkariak ere egon dira, ‘Erdu’ programako Agipad-ekin eta Jaiki fundazioarekin batera. Erdu ekimena adikzio-arazoak dituzten pertsonentzako arretan zentratzen da; haietako batzuk babeslekuetako erabiltzaileak ere badira.

Eta, azkenik, Bizkaisidako ordezkariak ere egon dira; Bizkaisida konfinamenduaren hasieran babesleku horietan etxegabeei arreta emateko abian jarri zen ‘Aterpeak’ programa kudeatu duen lau elkarteetako bat da. Bizkaisidaz gainera, ‘Aterpeak’ programan Cáritasek eta Gurutze Gorriak parte hartu dute.