Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Arabako Errioxako Kuadrillak antolatutako topaketa batean izan dira gaur goizean, ardoaren sektoreak, oro har, eta eremu horrek, zehazki, Covid krisialdiaren ondorioz bizi duen egoeraz kezkatuta.
Arantxa Tapia sailburua buru izan duen bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bidez, upategien finantzaketa hobetzeko, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta posizionamendu- eta merkaturatze-ekintzak indartzeko abian jarri dituen laguntza sektorialeko ekimenen xehetasunak jakinarazi dira, Euskadiko upeltegiak eta ardoak sustatzeko ekintza berriekin batera.
Ildo horretan, administrazioak eta sektoreak sustapen-kanalak indartzea adostu dute, Basque Wine aterkipean euskal upategien produktuak salmenta- eta posizionamendu-kanal berrien bidez kokatzeko aukera emango duten ekintzen bidez, eratu berri den Basque Wine Office erakundearen koordinazio eta finantzaketapean.
Lehen promozio ekintzak hemendik aste batzu barru hasiko dira, sustapen kanpaina baten bitartez. Kanpainarekin bat egingo dute hiru lurralde historikoetako Ostalaritza Elkarteek eta banaketa handiko enpresa batzuek. Euskadiko ostalaritzak eta banaketa enpresek ere Arabako Errioxako ardoak eta hiru Jatorri Izendapenetako txakolinak (Araba, Bizkaia eta Getaria) identifikatuta edukiko dituzte beren establezimenduetan, “Basque Wine” irudi berriarekin, kontsumitzaileek Euskadin egiten diren edariak identifikatu ahal ditzaten.
COVID-19ak sektorean izan duen ondorioari aurre egiteko erabaki diren eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek Arabako Errioxako mahastizaintza eta ardogintzako sektoreko ordezkarien aurrean zehaztu dituzten ekintza eta neurrietako bat da ekimena.
Ardoaren sektorea egoera zailean dago, ia bi hilabete eta erdian nazioarteko eskaerak behera egin duelako eta HORECA kanala erabat gelditu delako. Egoera horren aurrean, Tapia sailburuak lankidetza areagotu behar dela eta sektoreari laguntzeko neurriak uneko premietara egokitu behar direla jakinarazi dio sektoreari.