Osakidetzak aurrera jarraitzen du plasma bidezko terapiaren ikerketa-proiektuaren garapenean

0
Fotografía: EITB.

Osakidetzak plasma bidezko tratamendua ikertzeko proiektuarekin jarraitzen du. Osakidetzak lanean diharduen koronabirusean oinarritutako 100 ikerketetako bat da.

Ikerlan hori “SARS Cov 2 Galdakao 01” deitzen da, eta Galdakao-Usansolo Ospitaleko Hematologia zerbitzuak zuzendu du, erakunde honetako osasun-zerbitzuekin eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin lankidetzan. Ikerlanaren oinarria da gaixotasuna gainditu duten pertsonek emandako plasma sartzeak, plasma immuneak, eraginkortasuna duela, eta koronabirusa duten pazienteen tratamendurako erabil daitekeela. Beraz, COVID-19aren kontrako plasma immunea eta ohiko plasma ez-immunea sartzeak duten efektuaren arteko aldea aztertzen da.

Proiektu hau “COVID-19ko gaixoen plasma sartu eta eskuratzeari buruzko EBren programa”ren zuzentarauei lotzen zaie, eta bat egin dute proiektuarekin Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta, berriki, Arabako Unibertsitate Ospitaleak, Osakidetzako sare-lanari eutsiz, funtsezkoa izan baita pandemian.

PLASMA ESKURATZEA

COVID-19aren kontrako plasma immunea eskuratzeko prozesua emaileak izango diren COVID-19ko gaixoak hautatuz hasten da. Gaixo horiek baldintza zehatz batzuk bete behar dituzte hartzailea izango den pertsonaren segurtasuna bermatzeko; gero, plasma erauzten zaio, plasmaferesia deitzen zaion prozesu baten bitartez. Metodo horren bidez, plasma odoleko gainerako osagaietatik bereizten dute (globulu gorriak, zuriak eta plaketak). Teknika hori aplikatu ondoren, indargabetu egiten dira plasman egon daitezkeen patogenoak, psoralenoen eta argi ultramoreko beste teknika baten bitartez.

EZAUGARRI HAUEK DITUEN ESTATUKO LEHENA

Antzeko beste proiektu batzuetan ez bezala, hau da estatu osoan kontrol-talde bat ezartzen den ausazko, itsu bikoitzeko eta aurrera begirako lehendabiziko ikerlana. Horrek esan nahi du bi talde desberdin osatzen direla: batak plasma immunea jasotzen du eta besteak, berriz plasma ez-immunea. Gainera, ikerketako edozein bi taldeetako paziente guztiek ohiko tratamendua hartzen dute. Ikerketa-metodo honen helburua da zientifikoki ebaluatzea plasma immuneak hobekuntza dakarrela.

Probako lehen fasean, martxan jarri zenetik (apirilaren hasieran), 26 kasutan sartu da plasma: horietako 13 Galdakao-Usansolo Ospitalean, eta beste 13ak, berriz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta 334 odol-emaile eskuratu dira.

Ideia sortu zen frogatu zelako aurreko beste pandemietan baliagarria izan zela, adibidez, 1918ko gripe pandemian edo, berrikiago, SARSean (2003), A gripean (2009) eta ebolan (2015). Gainera, aurrekari batzuk existitzen ziren pneumonia larriko kasuren baten tratamenduan: pazienteak immunodepresio larria zuen, eta senitarteko batzuen plasma immunea sartu zioten, emaitza arrakastatsuaz. Bada, horrek bultzatuta, Galdakaoko Ospitaleko ikertzaileek ikerlan bati ekin zioten.

Pandemiaren hasieran eskueran zen informazioaren arabera, ezarri zen ikerlanaren helburua izango zela osasuna gaiztotzearen ondorioz inor zainketa intentsiboen unitatean sartu behar ez izatea eta, laburbilduz, hilkortasuna prebenitzea.  Probako fasean argitaratutako ikerlan zientifikoetan oinarrituz, ospitaleratu behar ziren paziente larrienen tratamendua lehenetsi zen.

Aldiz, pandemiaren bilakaerako hilabete gutxi hauetan, egoera goitik behera aldatu da. Martxan jarri zenetik eta, oso denbora laburrean, asko ikasi dugu gaixotasun honi buruz. “Orain badakigu lehen birus-fase batean sintomak oso urriak direla, edo ez daudela. Fase horretan, garrantzizkoa da birus-kontrako tratamendua, birusa eta geroko konplikazioak kontrolatzeko, baina oraingoz ez dugu antibiral eraginkorrik; beraz, oraingoz, beharbada plasma immunea da fase honetan aurreikus daitekeen aukera  bakarra”, nabarmendu du José Enrique de la Puertak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko hematologo eta ikertzaile nagusiak.

Halaber, gaixotasunari buruzko egungo ezagutzak bat datoz ikerketaren probako fasean behatutako emaitzekin, agerian utziz oso litekeena dela plasma immuneak ez dakarkiela onura kliniko nabarmenik ospitalean edo hiperinflamazio-fasean dauden paziente larriei; askoz zentzuzkoagoa da plasma horiek fase goizagoetan erabiltzea, gaixotasuna artean birus-fasean dagoenean, pazientea ospitalera heldu baino lehen.

Horregatik eta egoera-aldaketa horren ondorioz, Lehen Mailako Arreta ere sartu egingo da ikerlanean, eta kasu berriak detektatzen diren unetik beretik arituko da lankidetzan, pazienteak ospitaleratu behar izatera ez heltzeko eta 65 urtez gorako pertsonak lehenetsiz, haiek baitituzte aukera gehien hiperinflamazio-erantzun horretara heltzeko.

Guztira, egindako estimazioaren arabera, 234 paziente beharko dira zorroztasun zientifiko nahikoaz tratamendu honen benetako baliagarritasunaz ondorioak ateratzeko.