‘Artistak Egoitzan’ programarenn irabazleak

0

Bilboko Udalak ‘Artistak Egoitzan’ programaren hamabigarren edizioko hiru proiektu irabazleak aukeratu ditu. Ekimen horren bidez, hiriko arte eszenikoen arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatu eta sustatu nahi dira.

Aukeratutako proiektuak, denak ere emakumeek sortuak eta gidatuak dira, emakumeek arte eszenikoetan duten zeregin garrantzitsuaren adibide garbi batean: ‘Leiho zikin, zeru urdin’, Oihana Vesgaren dantza garaikideko proiektua; Benetan Be-ren ‘Porno vs. Afrodita’ antzerki-musikako proposamena; ‘Igogailua’, Sorginen Lantegiaren arte eszenikoen diziplina anitzeko proiektua.

Proiektu bakoitzak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du, baita laguntza artistikoa eta teknikoa ere. Egoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta hiriko beste gune eszeniko batzuetan egingo dira, ahal dela uztailean, abuztuan, irailean eta urrian.

Gainera, hautatutako pertsonek aukera izango dute beren sormen-prozesuak aurkezteko sektoreko publiko orokorrari edo profesionalei, bai Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren (BAD) hurrengo edizioaren esparruan, bai Udalaren beste edozein ekimen eszenikoren esparruan.

Hamabigarren deialdi honetara 35 proiektu aurkeztu dira, horietako 10 euskaraz, era askotako diziplinak dituztenak, hala nola dantza garaikidea, performancea, ikus-entzunezkoak, dramaturgia berriak edo diziplina anitzeko lan eszenikoak.