Beatriz Artolazabal Europako enpleguko eta gizarte-politiketako ministroen bideokonferentzian izan da

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur arratsaldean, autonomia-erkidegoen ordezkari gisa, EBko enpleguko eta gizarte-gaietako ministroen bideokonferentzia “informal”ean izan da; hura, ekainaren 11rako Luxenburgon aurreikusten zen enpleguko eta gizarte-politiketako EPSCO Kontseiluaren ordez egin da. Kontseilua ezingo da egin, EBko herrialde guztiek mugimendurako ezarri dituzten murrizketak direla eta. Gobernu zentralaren aldetik, Pablo Iglesias bigarren presidenteordeak eta Yolanda Díez lan-ministroak esku hartu dute.

Euskadik, EPSCO Europako enpleguko eta gizarte-politiketako Ministroen Kontseiluaren aurreko autonomia-erkidegoen seihileko ordezkari den aldetik, ordezkaritza autonomikoek adostu dituzten “Bidezko trantsizioa”, “Erronka eta desafio demografikoak” eta “Iraupen luzeko zaintzak eta kontziliazioa” izeneko jarrera erkideen idazketa sustatu eta koordinatu du. “Horiek guztiak estatuko ordezkaritzak (REPER) hartu ditu gogoan, eta EPSCO Kontseiluari jakinarazi dizkio, beren deliberamendu eta ondorioetan jasotzeko”, esan du Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuordeak.

Enpleguko eta gizarte-gaietako ministroak hirugarrenez batu dira, bideokonferentziaz, COVID-19aren agerraldia hasi zenetik. Gaur arratsaldeko bilera EBren suspertzean zentratu da. 2020ko maiatzaren 5ean aplikatutako larrialdiko neurri ekonomikoei eta COVID-19aren pandemiarekin zerikusia duten erronka demografikoei buruzko iritziak elkarrekin trukatu ondoren, ministroek gizarte- eta enplegu-arloetan estatuko ekimenak sendotzeko egon daitezkeen moduen eta lan-merkatuen erresilientzia hobetzeko moduen gainean eztabaidatuko dute.

Lan malguko formulak

Ministroek COVID-19aren krisialdian probatutako lan malguaren formulen erabilerari buruzko ideiak partekatuko dituzte, besteak beste, urrutiko lanari, ordutegi malguei eta IKT berritzaileei buruzkoak. Era berean, formula horiek ekonomiarako eta gizarterako dakartzaten abantailak aipatu dituzte.

Ministroek lanbide-hobekuntzaren edo -birziklapenaren arloan dituzten planei buruzko informazioa partekatu dute, COVID-19aren ondorioz lan-testuingurua aldakorra dela kontuan hartuta eta bidean diren trantsizio digitala eta ekologikoa aintzat hartuta. Ministroek genero-berdintasunaren babesean eta sustapenean dituzten esperientziak azaldu dituzte, bereziki COVID-19aren krisiaren eraginpean dauden talde kalteberei dagokienez.

Kroaziako presidentetzak ministroei bidean den Europako Seihilekoaren prozesuaren berri eman die, bai eta COVID-19aren testuinguruan herrialde bakoitzeko 2020ko gomendio berezien egutegi berrikusiaren berri ere. Azkenik, sartuko den Alemaniako presidentetzak datozen sei hilotarako enpleguaren eta gizarte-gaien inguruan dituen lehentasunak eta lan-programa aurkeztu ditu.