Bilboko Udal Musika Banda Azkuna Zentroan berragertu da

0

2020a Bilboko Udal Musika bandaren egutegian gorriz markatuta zegoen. Gaur bezalako egunean, 1895eko ekainaren 9an, Bilboko taldeak bere lehen kontzertu ofiziala eskaini zuen Areatzako kioskoan. 125 urte geroago, banda kulturaren zutabe nagusietako bat bihurtu da Bilbon.

Azkuna Zentroko atrioak gaur goizean hartu du egun handi hau ospatzeko ekitaldia. COVID-19ak sortutako krisi sanitarioak, Bilbao Musikak urteurrena ospatzeko diseinatutako hasierako programazioan eragina izan du. Hala ere, bandako arduradunek errealitate berri honetara egokitzen jakin dute, eta ekitaldi xume bat egin da. Bertan izan dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Gonzalo Olabarria Kulturako Zinegotzia eta Ana Madariaga Bilbao Musikako Zuzendari Kudeatzailea.

Jardunaldiari Jose Ignazio Ansorenaren «Botxo» interpretatuz eman dio hasiera Udal Txistulari Bandak. Ohorezko aurreskuaren eta Bilbao Musikako zuzendariaren ongietorri hitzen ondoren, alkateak hitza hartu du bandaren kalitate artistiko egiaztatua eta Bilboko hiriari zerbitzu emateko bokazioa balioesteko.

Alkatearen hitzen ondoren, Jose Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, musika bandako 50 musikari inguruk beraien lanari ekin diote. Bere historiako une ezberdinak biltzen zituen argazkien proiekzio batekin batera, bandak euskal musika herrikoiaren konpositore ezagunenetakoa den Jose Maria Iparragirreren «Gernikako arbola» abestia jo du. «Gernikako arbola» izan zen bandak 1985eko ekainaren 9an Areatzako kioskoan abestu zuen lehen obra. Omenaldia amaitzeko, bigarren eta azken abesti bat jo dute, «Agur Jaunak”.

Gaurko ekitaldia Bilboko Musika bandaren lehen agerpen publikoa izan da, hiru hilabeteko konfinamenduaren ostean. Banda osatzen duten profesionalek beren kontzertuen agenda atzeratu behar izan dute osasun-krisiaren ondorioz. Martxoaren amaieran Bilbao Musikako entsegu-instalazioak itxi zirenetik, taldeko kideek telelanari heldu diote, eta orain arte banakako partiturak entseatzen aritu izan dira etorkizuneko emanaldietarako.

Gaurtik aurrera, bandak entseguei ekingo die berriro Bilbao Musikako instalazioetan, osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-irizpideetara egokituz.