Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonentzako deseskalada plan estrategikoa ipini du martxan

0

Bilboko alkatea, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziarekin batera, hedabideen aurrera agertu dira Uriko etxerik gabekoentzako Deseskalada-Plan Estrategikoaren berri emateko.

Alerta egoera dekretatu zen unetik beretik, Bilboko Udalak larrialdiko harrera-sistema bat antolatu zuen urian gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsona guztientzako. Krisi sanitarioak iraun duen artean, Bilboko Udalak hainbat eremu prestatu ditu bost udal kiroldegitan (Errekalden, Txurdinagan, Bilbao Arenan, Deustun eta La Casillan), eta beste baliabide batzuk ere bai, gizarte entitateekin elkarlanean, Udalaren Harrera Zerbitzuaren ohiko sarean. Instalazio horietan guztietan, zerbitzua eman da gauez eta egunez, osasunerako, higienerako, janzteko eta elikatzeko oinarrizko beharrizanak betetzeko modua eskainiz.

Alkateak jakitera eman du amaitu dela jada etxerik gabeko pertsonak udal kiroldegietan egin duten egonaldia. Atzenengo egunotan, instalazio horiek apurka-apurka hustu dira, eta ohiko jarduerara itzuliko dira arian-arian, eta Desutuko kiroldegia eta La Casilla izango dira atzenengoak husten.

Iragarri genuenez, #BilbaoAurrera Planak hainbat neurri jasotzen ditu urian gizarte-kohesioari eusteko, eta guztira 2,2 milioi euroz hornituta dator. Gainera, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta hirugarren sektoreko entitateek badute elkarrekin programa berezi bat, 2 milioi eurokoa, aldi baterako ostatua eta mantenua bermatzeko, eta gizarte baliabide beren-beregikoak bideratzeko (alegia, hezkuntza eta prestakuntza), hain zuzen, itxialdi egoeran diagnostikatu diren profil batzuei eta besteei egokitutako baliabideak.

Handitu egin da Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) urteko zenbatekoa -4,9 milioi euro-, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zuzkidura gehigarriarekin, zeina 3.460.000 eurokoa baita; oinarrizko beharrizanei erantzuteko izango da diru-partida hori: elikadura, garbiketa eta higiene produktuak, eta etxebizitzen mantentzea.

Salbuespenezko funts horren kontura, 4.615 “elkartasun txartel” banatu zaizkie baliabiderik gabeko pertsonei, ohiko eran egin ditzaten erosketak uriko supermerkatuetan, gutxi gorabehera milioi bat euro ipinita. Era berean, Elikagaien Bankuak 255.087 kilo janari banatu ditu Bilboko 16.281 pertsonaren artean.