Bilbon garbitegi batean lapurreta egiteagatik atxilotua

0

Ertzainek 50 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldeko lehenengo orduan, indarra erabiliz ustez lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak, dirudienez, lapurreta egin zuen Zurbaranberri auzoko garbitegi batean, eta, horretarako, aurretik lokaleko segurtasun-kamera lapurtu zuen.

Atzo arratsaldeko ordu bata aldera, Ertzaintzak partikular baten abisua jaso zuen, eta honek jakitera eman zuen bezperan gizon bat lapurretan ikusi zuela Zurbaranbarri auzoko garbitegi batean. Berriemailearen arabera, gizonak aurretik lokaleko segurtasun-kamera lapurtu zuen eta gero, barrura sartuta, garbigailuetako kutxatxoetako dirua lapurtu zuen. Horrez gainera, berriemaileak jakitera eman zuen ustezko lapurra ikusi berri zuela Zurbaranberri auzoan, Uribarri auzo aldera oinez.

Ertzaintzaren Koordinazio Zentroak berehala bidali zien informazio hori eta gizonaren deskribapena Bizkaiko hiriburuko patruilei. Horri esker, Zurbaranbarri auzoan bertan herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek aurkitu zuen susmagarria San Valentin Berriotxoa kalean.

Horrela, agenteek autoa gelditu eta 50 urteko gizona atzeman eta identifikatu zuten. Susmagarriari prebentziozko miaketa egin ziotenean, soinean zeraman motxilan zaintza-kamera bat aurkitu zioten, eta lapurreta egindako saltokiaren jabeak egiaztatu zuen bertatik lapurtutakoa zela.

Horregatik guztiagatik, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, ertzainek atxilotu egin zuten susmagarria, 50 urteko gizona, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zuten.