Donostiako iturriak berriro martxan izango dira

0

Edateko uraren zerbitzua emango zaie hiriko gune jendetsuenetan eta parke handietan dauden iturriei aste honetatik aurrera. Hala, Miguel Angel Diez Bide Publikoetako zinegotziak adierazi duenez, «martxan jarriko dira Ondarreta, Kontxa pasealekua, Boulevard, pasealeku Berria, Zurriola etorbidea, Sagues, Frantzia pasealekua, Urumea pasealekua, Gernikako Zuhaitza pasealekua… baita Cristina Enea, Aiete, Miramon, Lauaizeta edo Otxoki parkean daudenak ere».

Aldez aurretik, iturrien sakagailuak eta ahokoak desinfektatzen ari dira. Era berean, ura iturri bakoitzera joaten utziko da, gutxienez bost minutuz, denbora horretan erabiltzen ez diren hodiak «garbitzeko».

Diezen esanetan, «Iturriak martxan jarri aurretik egingo den garbiketa alde batera utzita, erabiltzaileek eta bereziki gurasoek kontu handiz ibili behar dute, iturrietan eskuak eta ahoak etengabe erabiltzeagatik arazorik ez izateko. Iturria erabili aurretik eskuak garbitzea litzateke egokiena, txorrota ahotik ez jotzeko».

Bestalde, hiriko iturri apaingarriak ere martxan dira berriro, baina, aldez aurretik, hustu egingo dira, urarekin arazorik ez izateko, eta berriz beteko dira.