Donostiako Udaleko likidezia bermatzeko kreditu-eragiketa bat kontratatzea onartu da

0

Gipuzkoako hiriburuko gobernu batzordeak urtebeteko epean 30 milioi eurotik beherako kreditu-eragiketak kontratatzea onartu du. Eragiketa honen helburua, Udalaren likidezia bermatzea da, ordaintzeko betebeharrei aurre egin ahal izateko, behar diren epeak mantenduz.

Eneko Goia alkateak azaldu duenez, “alarma-egoerak eragindako ekonomia-jarduera gelditzeak udal-sarrerak gutxitzea ekarri du, diru-sarrera horiek berandu kobratzea eta premiazko beharrei erantzuteko gastu soziala handitzea; hori dela eta, beharrezkoa da kreditu-eragiketa bat kontratatzea, egoerari epe laburrean aurre egiteko”.

COVID-19-ak Donostiako udalerriko zergadunen ekonomian duen eragina ahal den neurrian arintzeko Udalak, besteak beste, egutegi fiskala berregituratzea erabaki zuen. Hala, aldian behin ordaindu beharreko udal-zergen borondatezko ordainketa-aldiak aldatu egin dira, eta 65 milioi euroko atzerapena ekarri du horrek.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kobrantza atzeratzeak izan du eraginik handiena Udal Diruzaintzan. Guztira diru-sarrera arrunt guztien %15 baita. Zerga hau ekainaren 30ean kobratzea aurreikusita zegoen, baina epea irailaren 15era arte luzatu zuen.

Bestalde, aurreikusitako murrizketei dagokienez, murrizketarik handiena Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari (FOFIM) dagokio. Funts horrek Udalaren diru-sarrera arrunt guztien %47 hartzen du, eta aurreikusitako zenbatekoaren %20ko murrizketa ezartzen du.