Anbulantzia ez-asistentzialetan eta konbentzionaletan eta garraio kolektibokoetan pazienteen garraio sanitarioa esleitzeko kontratua onetsi du Eusko Jaurlaritzak

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, datozen hiru urteotarako anbulantzia ez-asistentzialetan eta konbentzionaletan eta garraio kolektibokoetan euskal osasun-sistemako pazienteen garraio sanitariorako zerbitzua esleitzeko kontratua onetsi du; kontratua 107.640.305,88 eurokoa da.

Horrek esan nahi du % 12,9 igo dela lizitazio-aurrekontua, gaur egun indarrean dagoenaren aldean, gaur egungo zerbitzuaren kostuetara eta pertsona gaixoen eta istripua jasan dutenen errepideko anbulantzia bidezko garraio sanitarioaren euska hitzarmen kolektibora egokitzeko.

Kontratu berriaren xedea da anbulantzia ez-asistentzialen, konbentzionalen eta garraio kolektibokoen bidezko garraio sanitarioaren eskariari erantzutea, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko erakunde-sanitario integratuek (ESI) eskatuta, berezko zentroetan edo itunduetan arreta jaso duten eta, ezintasun fisikoagatik edo klinikoak baino ez diren beste kausa batzuengatik, garraio arrunta erabili ezin duten pertsona gaixoak lekualdatzeko.

Kontratuaren lurralde-eremua Euskadi osoa da, eta, 2014/24/EB Zuzentarauak ezarritako ETEen konkurrentziari bide emateko helburuarekin bat etorriz, zerbitzua hiru lotetan banatzen da, bat lurralde historiko bakoitzeko.

Esleipen-irizpideak direla eta, eskaintzarik onena hautatzeko, proposamen ekonomikoaz gainera, honako alderdi hauek ere balioetsiko dira: anbulantzien antzinatasuna, eskainitako ibilgailuen CO2en emisioa, lizitatzaileek eskaintzen dituzten baliabide materialak, lan-plana, prestakuntza-plana, erabiltzaileentzako edo behar berezietako egoeretarako zerbitzuak, zuzkidura teknikoak eta ibilgailu sanitarioen ezaugarriak areagotzea eta enpresak genero-berdintasuna sustatzeko duen protokoloa edo neurri bereziak.

Iragarkia EBAOra eta kontratatzailearen profilera bidaliko da argitaratzeko, baimendu eta onetsi ondoren. Eskaintzak aurkezteko epea ekainaren hirugarren astean hastea eta 15 egunez irautea aurreikusten da.