Aurtengo Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako irabazleak ezagutzera emateko sari banaketa birtuala antolatu da. Covid 19 dela eta, eta Udalbatza aretoan aurrez aurre ekitaldia egiteko aukerarik ez izanda, Udalak ezohiko sari banaketa eta originala antolatu du. Sarituak pertsonalki egon ez arren, euren saria etxeetan jaso dituzte, eta ekitaldiko “famili argazkia” modu birtualean egin da saridunekin, epaimahaiko kideekin, agintariekin eta aurkezle zein musikariekin.
Sara Cozarrek egin ditu aurkezpen lanak hutsik zegoen pleno aretoan. Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musikaz apaindu dute ekitaldi birtuala, eta epaimahaiko kideek saritutako lanen gaineko azalpen interesgarriak eman dituzte. Halere, protagonistak sarituak izan dira, nahiz eta pertsonalki aretoan bertan ez egon. Saria jaso duten haur eta gaztetxoek etxean egindako grabazioak bidali dituzte beraien lanak irakurriz edota azalduz.
Azkenik, Eneko Goia Alkateak eta Jon Insausti Euskarako zinegotzi ordezkariak hutsik zegoen udaletxetik zoriondu dituzte saritu eta aipatu guztiak.