Transferentzien Batzorde Mistoa ekainaren 25ean egitea erabaki dute

0

Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak iragarri duenez,  Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Carolina Darias-ekin batera Transferentzien Batzorde Mistoaren beste bilera bateko buru izango da, ekainaren 25ean.

Bilera Madrilen egingo da, dagoeneko adostuta ditugun hiru gaiak Euskadiri eskualdatzeko: 

  • Farmazia-produktuei buruzko legeria betearazteko funtzioak.
  • Derrigorrezko Eskola Aseguruaren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak.
  • Kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileen erretiro arruntaren aurretiko laguntzen kudeaketari atxikitako funtzio eta zerbitzuak. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin eta Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

GAZTE KALTEBEREN PRESTAKUNTZA

Prentsaurrekoan Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien ingurukoak azaldu ditu. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak trebakuntza gutxi duten gazte langabeen “Gizarte eta Lan Aktibaziorako Prestakuntza Programa” onetsi du. Guztira 1,6 milioi euro dira, 2022. urtera arte lan-integrazioko ibilbideak martxan jartzeko.

Josu Erkorekak azaldu duenez, programa “2021erako Gizarteratzeko Euskal Plan”ean sartzen da. 16 eta 25 urte bitartean duten eta gizarte-kalteberatasun egoeran dauden gazteen kolektiboan jartzen du fokua. Programa horren bidez, prestakuntza-aukerak eskaintzen zaizkie, DBH amaitu ez duten eta oinarrizko gaitasunik ez dutelako enplegurako prestakuntzarekin jarraitzeko aukerarik ez duten pertsonen lan-mundurako trantsizioa arrakastatsua izan ahal izateko. Honako hauek dira hartzaileak:

  • Lehen edo bigarren hezkuntzako etapetan zenbait aldiz errepikatu duten eta, 17 urte beteta ere, oraindik titulurik ez duten ikasleak.
  • 16 urte baino gehiagorekin iritsi eta, beraz, Bigarren Hezkuntzan eskolatu ez diren gazte atzerritarrak.
  • Oinarrizko Lanbide Heziketa hasi baina utzi duten gazteak.

Programa honen aurreko deialdietan, plaza guztiak bete ziren. Oraingoan, Lanbidek 14 prestakuntza-ibilbide jarriko ditu abian 210 ikaslerentzat.

HEZKUNTZA BEREZIA

Gobernu Kontseiluak, halaber, 36,1 milioi euroko programa onetsi du, 2020-2021 ikasturtean ikastetxe itunduetan hezkuntza berezia finantzatzeko. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, Euskadin, 623 profesional ari dira ikastetxe itunduetan lanean, laguntza berezia duten ikasleak hezten. Deialdi honen bidez, itunpeko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan eta DBHn ari diren eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezko diren profesionalak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak.

KORONABIRUSA

Prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun sailburuak Covid-19-ren datuak eguneratu ditu. Horrez gain, Gobernu Kontseuluak anbulantzia ez-asistentzialetan, konbentzionaletan eta garraio kolektiboko anbulantzietan gaixoen garraio sanitarioa esleitzeko kontratua ere onartu du gaur. Lizitazio-aurrekontua 107,6 milioi eurotik gorakoa da, hau da, % 12,9 igo da egungo kontratuarekin alderatuta, zerbitzuaren kostuetara eta indarrean dagoen hitzarmen kolektibora egokitzeko.