Bingen Zupiria: “Euskaltegiek lan handia egin dute beren ohiko jarduera apurka-apurka berreskuratzeko”

0

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskaltegien egoeraren inguruko adierazpenak egin ditu gaur eta, era berean, dei egin du ikasleek pausoa eman dezaten euskaltegietara itzultzeko, euskara irakasteko zentroek lan handia egin baitute segurtasun eta osasun baldintza guztiak bermatzeko.

Covid19aren hedapenaren eraginez, euskaltegiek beren ohiko jarduna eten behar izan zuten martxoaren hasieran. Hala ere, hori gertatu zen momentutik, EAEko euskaltegi guztiak antolatu ziren eta lan egin zuten eskolak era ez-presentzialean eskaintzeko. Hala ere, maiatzaren 25etik aurrera euskaltegiek beren aurrez-aurreko jarduera berreskuratzeko aukera izan dute, behin jarduera-plana Eusko Jaurlaritzari aurkeztuta.

“Une honetan, euskaltegi gehien-gehienak hasi dira aurrez aurreko eskolak ematen, gehienetan jarduera presentziala eta ez-presentziala uztartzen. Era berean, ekaina hastearekin batera 25 udako ikastaro hasi dira eskaintzen eta uztailean gehiago eskainiko dira, baita barnetegiak ere”, azaldu du Zupiriak Bilboko Gabriel Aresti euskaltegitik.

Hortaz, atzetik datozen eta era presentzialean berreskuratu diren ikastaroez gain, ekainean hasitako 25 ikastaro trinko daude martxan EAEko euskaltegietan: 14 Bizkaian, 6 Araban eta 9 Gipuzkoan. Eta euskaltegi ia guztiek baieztatu dute udazkena baino lehen jarduera presentziala eskainiko dutela.

Azkenik, Zupiriak nabarmendu nahi izan du euskaltegiak egiten ari diren lana ikasteko baldintzarik onenak eta seguruenak bermatzeko: “Euskaltegiek lan handia egin dute eta jarraitzen dute egiten beren ohiko jarduera apurka-apurka  berreskuratzeko eta zerbitzurik onena eskaintzeko ikasleei, beti ere segurtasun eta osasun berme guztiak eskainiz. Helburua da, beti bezala, erraztasun guztiak eskaintzea eta ikasleak seguru senti daitezela euskara ikasteko bide horretan”.