Ertzaintzako agenteek 27 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Tolosan, drogarekin trafikatzea leporatuta. Berarekin zihoan gizonari ere delitu bera leporatu diote. Gidatzen zihoala arau-hauste bat egiteagatik geldiarazi zuen Ertzaintzaren patruila batek bi gizonak zihoazen autoa, eta horrela aurkitu zituzten marihuana zuten hainbat poltsa.
Atzo arratsaldeko zortziak hogei gutxi aldera, Tolosa inguruan herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek ikusi zuen GI-2135 errepidean, N-1 errepiderako noranzkoan, zirkulatzen ari zen auto batek ez zuela maniobra seinalatu biribilgune batetik irtetean, eta nolabait ere nahastu egin zituela gainerako gidariak.
Horren aurrean, patruilak autoa geldiaraztea erabaki zuen, argi eta soinu abisuak erabiliz. Adierazitako autoak ez zienez jaramonik egiten abisu horiei eta bere bidean jarraitzen zuenez, une batean agenteek polizia-autoa gurutzatu behar izan zioten bidea ixteko.
Autoa gelditu zenean, agenteek bi bidaiariak, bi gizon, identifikatu zituzten. Haiekin hizketan ari zirenean, agenteei iruditu zitzaien marihuana-usaina irteten zela autotik, eta miatzea erabaki zuten, beraz. Horrela, maletategian aurkitu zuten zabor-poltsa handi batean marihuana-kukuluak zituzten beste lau poltsa aurkitu zituzten.
Horren aurrean, autoaren gidariak, 27 urteko gizonak, bere gain hartu zuen marihuana edukitzearen eta autoan eramatearen erantzukizun osoa. Guztira bi kilo marihuana ziren atzemandakoak.
Hori dela eta, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, autoaren gidaria, 27 urteko gizonezkoa, droga-trafikoa leporatuta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten. Beste gizonezkoari delitu bera leporatu zioten, baina ez zuten atxilotu.