Emakundek COVID-19ri eta genero ikuspegitik ekonomian duen eraginari buruzko online eztabaida prestatu du

0

Emakundek «Garbira pasatzeko zirriborroak» online zikloarekin jarraitzen du. Ziklo hori pandemia gure gizartean sartu zenean hasi zen, hausnarketak eta eztabaidak sortzeko, ekarpenak jasotzeko eta Emakunde egiten ari den azterketa aberastu eta etorkizunerako proposamenak sor ditzakeen eztabaidagune  bihurtzeko. Oraingoan, ekonomia feministan adituak diren bi lagun izango dira, eta Covid-19k ekonomian duen eraginari buruz arituko dira, generoaren ikuspuntutik. María Pazos matematikari eta ikertzaileak, Ikerketa Fiskalen Institutuko Ikerketa Ikasketetako buruak eta Ekonomia, Politika Publiko eta Genero Berdintasuneko irakasleak; eta Mertxe Larrañaga Ekonomian doktore eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasleak Covid-19ren krisiak ekonomian eta gizartean dituen ondorioez eta horrek emakumeen eta gizonen bizitzan duen eraginaz eztabaidatuko dute.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «dimentsio anitzeko eta globala den krisi baten aurrean gaude, inpaktu ekonomiko eta sozial gogorrak eta garrantzi handikoak dituena. Ildo horretan, aurre egin behar diegun erronka handiei erantzun integrala emateko aukera gisa aurkezten da ekonomia feminista, arreta bizitzaren eta pertsonen zaintzaren balioan, guztion ongian, elkarrekiko laguntzan eta abarretan jarriz «.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak uste du, osasun-krisiaren ondorioz, 25 milioi enplegu galdu daitezkeela munduan, eta horrek eragin sakona izango duela merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreetan; hain zuzen ere, sektore horietan emakumeen presentzia handia da. Emakumeak dira bizitzaren sostenguaren funtsezko euskarria munduko eskualde guztietan. Espainiako estatuan, emakumeak osasun-langileen % 80 baino gehiago dira (erizaintza eta lotutako lanbideak); farmaziako langileen % 70; enpresa, hotel eta etxeetako garbitzaileen % 90 (etxeko langileen zerbitzua barne) eta supermerkatuetako kutxazainen % 85 inguru. Honekin batera, emakumeek lanaldi partzialeko enpleguen % 74 prekarietate handieneko lan-baldintzetan betetzen dituzte, eta, soldata-arrakala kontuan hartuta, pobrezia-arriskurako arrisku handiagoa dute.

Bihar egingo den mahai-ingurua zikloaren laugarrena da. Aurretik, emakumeen aurkako indarkeria ardatz duen bat egin da, osasuneko genero-ikuspegiari buruzko beste bat, eta feminismoak krisiaren inguruan duen ikuspuntuaz beste bat. Hitzaldia arratsaldeko seietan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da Emakunderen webgunetik eta Youtubetik, eta ondoren Emakunderen webgunetik grabatuta ikusi ahal izango da.