Euskal Herriko Unibertsitatearen Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua Masterra

0

UPV/EHUren Kudeaketa eta Diseinua Masterra aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza du. Master horren xedea da Babes Publikoko Etxebizitzen erronka berriei erantzungo dieten teknikari kualifikatuak prestatzea: behar sozialak, politikak eta araudia ezagutzetik irtenbide arkitektoniko berriak diseinatzera eta gauzatzera edo lehendik daudenetan esku hartzera. Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte: Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak; Patxi Juaristi, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Juan José Arrizabalaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak; eta, Matxalen Acasuso, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren dekanoak.

Etxebizitza Publikoaren Kudeaketa eta Diseinua berezko Masterra Etxebizitza Publikoaren kudeaketaren eta diseinuaren arloan esperientzia duten edo titulua (Zuzenbidea, Ekonomia Zientziak, Zientzia Politikoak, Arkitektura Teknikoa, Ingeniaritza…) atera berri duten profesionalei dago zuzenduta. Graduondoko hori bi aditu ikastarok osatzen dute eta modu independentean egin daitezke: Etxebizitza Publikoaren Politika eta Kudeaketan Aditua ikastaroa eta Etxebizitza Publikoaren Diseinu Aurreratuan Aditua ikastaroa. Adituaren bi tituluak lortutakoan (400 irakaskuntza ordu), masterrarena eskura daiteke, Master Amaierako Lana egin ostean. Lan horri 200 ordu eskaini behar zaizkio. Era berean, praktikak egin ahal izango dira, enpresen eskaintzen arabera. Graduondoko horrek barne hartzen ditu saio telematikoak (% 25) eta aurrez aurreko saioak Bilbon (% 65), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan eta UPV/EHUren Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (% 10).