Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak orain arteko lanen balantzea egin du

0

Hondarribiko alkateak prentsaurreko telematikoa eman du, “deseskalamendua deitu den ibilbide honetan gaur hirugarren fasean sartuta, Udala egiten ari den lanen balorazio bat egitea egoki iruditu zaigu, hiritarra jakinaren gainean egon dadin, besteak beste”.

“Lehenik eta behin, esan nahi dut azken fase honetan sartu garenean, jadanik ez gaudela erakundeetatik eman behar diren aginduen garaian, eta bai herritarren erantzukinaren garaian. Normaltasunaren bidean ez dago zero arriskurik, arriskuarekin bizitzen ikasi behar dugu eta oinarrizko prebentzio eta higiene-aholkuak behin eta berriz gogorarazi eta sistematikoki bete behar ditugu” dio Txomin Sagarzazuk.

“Hondarribiko Udalean pixkanaka ari gara udal jarduerak berreskuratu eta zerbitzuak irekitzen: BAZ, Liburutegia, Artxiboa, Euskaltegia, Udajolas eta Udabentura, Arma Plazako informazio eta turismo bulegoa, TAO zerbitzua…  Beste zerbitzuak datozen egun eta asteetan irekiko ditugu: Gizarte Zerbitzuetan aurrez aurreko arreta, Kiroldegia, Udal Prebentzio Zerbitzuko udako programak, udako jarduera nagusien programazioa, jaiak… Hori dela eta, pazientzia eskatu nahi diet herritarrei norberaren interesen eta nahien arabera zenbait erabaki lehenago hartzearen aldeko izango direlako zenbait” gehitu du Alkateak.

“Hondartza eta bainuguneak ahalik eta egokien erabiltzea ere bada gure uda honetako kezka nagusietako bat. Datorren astelehenean irekiko dugu hondartza, eta uztailaren lehen egunetik aplikazio informatiko bat gaituko da uneoro aforoa nolakoa den esango diguna. Txirrinden erabilera sustatuko dugu, eta autoen kontrola egingo ere. Hondartzak daukan azalerak badirudi ez duela aforo arazorik ekarriko, baina gainean egon behar dugu eta datuekin jokatu”.

“Bestalde, ITXEKI Hondarribia talka planean aurrera goaz. Orain artean, alor sozialean 107.000 euro bideratu ditugu, eta ekonomikoan, 245 dirulaguntza espediente ireki dira, ordainketak hasi dira eta datozen asteetan erosketa bonoak abian jarriko ditugu. Orain xehetasunak finkatzen ari gara”.