‘Aurrera Fest’ martxan jarriko da Euskaldunan

0

Euskalduna Musika Jauregia «itxaropenen eramaile» gisa altxatuko da COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren. Euskaldunako oihala berriro altxatuko da, argiak itzalita 12 aste eman eta gero, zuzeneko kultur jarduerari berriro ekiteko. Udaren ateetan, aire fresko ufada moduan, igarobideek eta aretoek euren erritmoa, euren funtsa, berreskuratuko dute. Ateak itxita ere Euskaldunak lanean jarraitu du, bere ikus-entzuleak jasotzeko eta Bizkaiko arte eszenikoen eta musikaren erreferente gisa jarraitzeko prestaketa lanetan. Hurrengo asteetan Jauregiaren bihotzak dar-dar egingo du berriro, musikaren erritmora, «Aurrera Fest»-en eskutik.

«Aurrera Fest» gaur goizean aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak, eta adierazi dutenez, Euskaldunak bere aretoak lagako ditu, arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei diruz laguntzeko eta ikus-entzuleak erabateko segurtasunez kultura berriro kontsumitzera animatzeko.

Proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko jarduera, ekonomia eta aisia bultzatuko duten jarduerei bultzada emateko diseinatu duen Bizkaia Aurrera programaren barruan sortu da. Lorea Bilbaok azaldu duenez, «Aurrera Fest, gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko helburuarekin sortu da. Musika eta arte eszenikoetako artista eta talde guztiek izango dute lekua ekimen honetan».

Andoni Aldekoa Euskaldunako zuzendari nagusiak adierazi duenez, «Euskalduna zuzeneko kultura da, eta gure esperientzia eta azpiegiturak mahai gainean jarri gura ditugu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore osoari bultzada emateko eta berrindartzen laguntzeko, agintariek horretarako baimena ematen dutenean. Kulturaren sektorea suspertzeko tresnak bideratu gura ditugu».