Berdinduk arreta presentzialari ekin dio berriro

0

Berdindu sexu- eta genero-aniztasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa eta arreta emateko zerbitzu publikoak, gaur, arreta presentzialari ekingo dio berriro; Covid-19aren ondorioz eten egin behar izan zuen jarduera. Harrezkero, herritarrei telematikoki eta telefono bidez eman die arreta.

Berdindu Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko zerbitzua da; aurrerantzean, Anitz Federazioak kudeatuko du, Errespetuz, Aldarte, Gehitu eta Guztiok elkarteek eratzen duten erakunde berriak. Duela ia bi hamarkadatik, LGTBI+ erakundeek Berdinduren lana beren lokaletan egiten zuten. Orain, herritarrengandik hurbilago egoteko, Berdindu zerbitzuaren beraren lokaletara mugitzea erabaki da; astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, goizez eta arratsaldez.

Hala, Berdinduk lan presentziala, Donostian, Mikeletes kaleko 20 zenbakian egingo du, eta telefono bidez 943.216551 zenbakian. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua, Vitoria-Gasteizen, Ramiro de Maeztu kaleko 3 zenbakian egongo da eta 945.029079 telefono-zenbakian. Eta Bilbon, Ramón y Cajal kaleko 2 zenbakian egongo da, eta 946.453322 telefono-zenbakian.

Modu berean, honako webgune hauen bidez ere jarraituko dute arreta ematen: berdindu.gipuzkoa@gmail.com, berdindu.araba@gmail.com eta berdindu.bizkaia@gmail.com.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur goizean, Berdinduk Donostian dituen lokaletara hurbildu da, lokal berria ezagutzera eta Covid-19aren ondorioz zerbitzuak bizi duen egoera eta gizarte-sentsibilizaziorako eta hezkuntza-munduari aholkularitza emateko dituen programak aurrez aurre ezagutzera.  Lide Amilibia sailburuordearekin eta Irune Muguruza Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariarekin batera, sailburuak lan-bilera izan du Izaskun Aranbarri Anitz Federazioko koordinatzailearekin eta Guztiok elkarteko aktibistarekin, Sarai Montes Errespetuzeko presidentearekin, Joseba Martinez de Gereñu Aldartekoarekin eta Jesús Estonba Gehituko aktibistarekin eta Berdindu zerbitzuak Donostian duen teknikariarekin, 2002an abian jarri zenetik.

Berdindu zerbitzuak, sortu zenetik, LGTBI+ kolektiboak edo inguruneak izan zitzakeen informazio- eta laguntza-beharrei erantzutea izan du helburu, bai eta eskola-elkarteari, komunikabideei eta gizarte-eragileei informazioa eta arreta ematea ere, LGTBIfobiarekin amaitzeko. Gainera, LGTBI+ kolektiboaren inguruko berdintasun- eta diskriminaziorik ezeko politikak diseinatzen eta proposatzen lagundu du. Hori horrela, azken hiru urteotan, 6.500 eskari baino gehiagori erantzun zaie EAE osoan.

Era berean, Berdinduk laguntza-lan garrantzitsua egiten du hala eskatzen duten euskal ikastetxeetan. Hala, aurtengo urtarrilera arte, EAEko 7.110 irakaslek Berdindu Eskolak programaren bidez jaso dute prestakuntza, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ia 18.000 ikaslerengana iritsi da; familia-, sexu- eta/edo genero-aniztasunean oinarritzen den prestakuntza jaso dute.