Bizkaiko Aldundiak Zugaztietako larreak baimenik gabe erabiltzen zituzten 28 abelburu atera ditu

0

Zugaztietatik lau jabeen beste 27 abelburu atera ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, ez zutelako baimenik larre horiek erabiltzeko, izan ere, lursail horiek, abeltzainen elkarte bati lagata daude, horiek gauzatu dezaten aprobetxamendua. Ganadua kentzearekin, foru aldundiak inguru horretako belardiak berrantolatzeko eta arautzeko emandako foru aginduak betetzeko lan egin du berriz ere; larre horiek abeltzainen elkarteei laga zitzaizkien, abeltzaintza aprobetxamendua eta ingurumen balioen kontserbazioa eta basoaren aisialdi eta gizarte erabilera uztartzeko hain zuzen ere.

Abelburuak aste honetan atera dituzte Asturiano larretik, Larreineta auzoaren ondoan. Basoetako Foru Zerbitzuko teknikari batek, bost basozainek, langileburu batek, bi ertzainek, Abeltzaintzako Foru Zerbitzuko bi teknikarik eta gidari batek lekualdatu dituzte bi behor, bost behi, txahal bat eta 20 ardi, eta larre horretatik foru instalakuntzetara eraman dituzte guztiak. Aurreko astean egin zen moduan, animalia horien jabeei aurretik esan zaie ganadua jasotzera joateko (jabeetako bat bertan egon da lekualdaketa egin den unean), baina guztiek esan dute ez dutela horrelakorik egingo.

Jarduketa horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak indarrean dagoen araubidea betetzen dela bermatu nahi du, eta gainera, larre horiek erabiltzeko baimena duten abeltzainen elkarteetako eskubideak bermatu nahi ditu, izan ere, pertsona horiek gauzatzen dituzte mantentze lanak eta larreak hobetzeko inbertsioak, eta beraien jarduera kaltetu egiten da baimenik ez duten hirugarrenek esleituta dituzten larreak erabiltzen dituztenean.

Larreak abeltzainen elkarteei eman zaizkie azken urteetan egindako lanaren ondorio gisa. Lan horren helburua, eskuragarri dauden larreen aprobetxamendua hobetzea da, baliabideak hobeto erabiliz. Horrez gain, erabilera horrek hainbat alderditan sortu ahal izan dituen ondorio negatiboak murriztu nahi dira, besteak beste, ganaduak errepide segurtasunean edo aisialdi eremuen erabiltzaileengan eragitea edo maiz inguru horretan sortzen diren baso suteak murriztea.

Abeltzaintza jarduera gauzatzen duten pertsona horiekin eta udalekin egindako lanaren ondorioz, jarduketa konpromiso batzuk ezarri ziren, udal esparru bakoitzean abeltzainen elkarteak sortzea sustatuz eta lursailetan jada hasi diren jarduketa batzuk egikarituz, besteak beste, larreak hobetzeko lanak (itxiturak, sastrakak kentzea, ur puntuak hobetzea, babesteko eremuetan birlandaketak egitea eta errepideetako hesiak).  Horrez gain, abeltzainen elkarte horientzat hitzarmenak sinatu dira itxitako esparruak aprobetxatzeko, eremu horietan, ganaduak bazkatu dezakeelarik inguruan errepide segurtasuneko arazorik sortu gabe.

Elkarte horien kide izatea librea da eta, beraz, hala nahi duten abeltzain guztiek elkartean parte hartu dezakete eta, ondorioz, larreak arautzeko ezarritako emakiden onuradun izan daitezke. Talde horietan parte hartzeko baldintza bakarra altan emandako abeltzaintza ustiapena izatea eta inguruko hiru udalerriren bateko bizilaguna izatea da.