Bizkaiko museoak Bilboko itsasadarraren ertzean

0

Bilboko Uribitarteko pasealekuan dabiltzanei Bizkaiko 32 museoren bildumetan dauden piezarik adierazgarrienak bidera irtengo zaizkie, astelehenetik aurrera. Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait totem eskerga atondu ditu, museo bakoitzak aukeratutako pieza batekin. Honela, foru-erakundeak Lurraldeko museoen aberastasuna hurreratu nahi die herritarrei, eta, aldi berean, jendea animatu hogeita hamarretik gora museoek jagoten dituzten altxorrak toki hauetan bisitatzera: Abanto-Zierbena, Bakio, Balmaseda, Berango, Bermeo, Bilbo, Dima, Durango, Galdames, Gernika, Getxo, Karrantza, Mañaria, Muskiz, Orozko, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sopuerta eta Ziortza-Bolibar.

Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Lorea Bilbaok kale-erakusketa ibili du, zentroetako batzuen arduradunak lagun, eta Bizkaiko museo bakoitzaren piezarik adierazgarriak ikusi ahal izan ditu bertan: Lurraldeko museoetan dauden hogeita hamar « bitxi » baino gehiago. Museo bakoitzaren arduradunek, erakusketarako aukeratutako pieza erakutsi ondoren, herritarrak gonbidatu dituzte eurek ordezkatzen duten museora gerturatzera, hurbiletik ezagutu ahal izan dezaten barruan daukatena, esperientzia horrek bisita gehiago egitera bultzatuko dituelakoan.

Museoek ekainaren lehen hamabostaldian irekiko dizkiete ateak berriro bisitariei, eta Aldundiak bultzada bat eman nahi die, handienak zein txikienak ikusgai eginez.

Bizkaiko Foru Aldundiak esker ona erakutsi nahi die parte hartu duten museo guztiei, proiektu hau posible egiteagatik.